Ander Perez Argote
LARREPETIT

Lore ezagun bat

2023ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
New York infinituan alderrai zabiltzala, behin eta berriz egin du topo zure buruak esaldi berarekin: «Izututa, lore ezagun bat bilatzen dute babesteko, eta zelaiaren mugagabetasunak ikaratzen ditu». William Carlos Williamsena da poema, baina ez diozu berari ikasi: Silvia Perez Cruzen azken diskoan entzun duzu buklean, eta zutaz ari dela sinisteko lizentzia hartu duzu. Ez zaude handitasunetarako; gertukoa baloratzen ikasi duzu, zuk ere nahiko zenuke gutxiago, eta mantsoago. Ez da asko etxe sentsazioaz idatzi zenuela, badakizu nor nahi duzun gertu galarren garaietan.

Etxekoekin joan zara, baina etxera itzultzea ere desiratu duzu. Bueltan, arnasa eman dizute zure hiriko kale estuek: hobe beste baterako etorbide zabal argitsuak. Kasik ahaztua zenuen, baina itzultzerakoan, hauteskunde kanpainan murgilduta topatu dituzu gertu-gertukoenak. Konturatzerako, larunbat goizez azokan eskuorriak banatzen bukatu duzu. Nagikeria zenuela uste zenuen, orain nahiago zenuke kanpaina hain goiz ez bukatzea.

Ezin duzu ukatu, proiektu politiko bat baino gehiago eman dizu beti militantziak. Ez zinen lagunak egiteagatik militatzen hasi, baina orain ezingo zenuke militatu lagunik gabe. Bakea ematen dizu beste batzuekin ilusio bat partekatzeak. Zu ere hunkitu zara Labriteko oholtzara hamarnaka gazte atera direnean.

Dudatan zaude, ze puntutaraino onartzen duen iritzi artikulu publiko batek norberaz hitz egitea, edota noraino egin daitekeen alderdi baten alde, zein den pasa ezin den marra. Ez zenuke manikeo agertu nahi, beti eman dizu atzerakada panfletismo ebidenteegiak, baina ezin duzu hauteskundeez idatzi zarenetik erabat urrunduta. Justifikatzeko edo, pentsatu duzu emozioez hitz egitea ere badela politikaz hitz egiteko modu bat. Ez dela edozein argudio politiko baino ahulagoa taldearen beraren garrantziaz hitz egitea. Eta komunitate baten parte denak, boto zenbaketara itxoin gabe, dagoeneko irabazi duela zerbait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.