Goizalde Landabaso

Lubakiak

2026ko urtarrilaren 13a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bizi naizen auzoan beste taberna bat zabaldu dutela jabetu nintzen ohikoa ez dudan bidea egiterakoan. Tabernaria bakarrik zegoelako eta itxura ona antzeman niolako sartu nintzen. Hormetan Ainhoa Resanok egindako argazkiak zeuden: hazpegirik ez zuten emakumezkoen aurpegi sorta. Begiratzen zaituztela esan niezazuke, baina ez dute begirik, ez sudurrik ezta ahorik ere. Hortaz, alegrantziarik edo tristeziarik ezin esan badutenik. Eta norena da hauen interpretazioa, sortzailearena ala begiratzen duenarena? Sortzailearen asmoa garrantzitsua da behin jendaurrean dagoela? Taberna hau tranpa bat dela pentsa zenezake, izan ere, musika ia ez da entzuten, eta ez dago telebistarik. Hemen jendeak hitz egin behar du; edo ez, baina esango nuke bertoratzen direnek nahiago izango dutela hitzez bete isiltasuna. Deserosoak dira hormetako ez-irudiak, eta ezinegona sor lezake pantailaren faltak. Demagun tabernariak erabakitzen duela beste inon ez dagoen kartela jartzea: «Debekatuta daude sakelakoak». Sartzen den jendeak jakingo luke zer egin? Irudipena daukat, pertsona bi aurrez aurre egonda ere, batzuetan, sakelakoaren bidez sor lezaketen elkar komunikazioa erosoago zaiela. Ukimena sakrifika litekeen zentzumena da?

Byung-Chul Han filosofo izarrak berriki esan du etxean gelditzea dela erresistentzia ariketa argiena, bertako isiltasunean oraindik ere zeure burua entzun dezakezulako. Ez dakit Han-en etxeak zer soinu duen, baina nik, etxera ailegatu, argiak isiotu, eta atoan irratia, telebista edo musika ipintzen dut. Ziurrenen, isiltasuna inbaditzen ari naizela esango luke berak. Hori barik, baina, nik ere zelanbaiteko aztoramendua sentitzen dut. Bere ustez, sistemaren aurka egin nahi baduzu, isiltasuna da gakoa; babestu, ostendu, ez agertu. Lubakiak sortu eta lubakietan egon da bere proposamena. Ainhoa Resanoren dozena bat emakume horiek ere hori izan litezke, lubakietan ezkutatzen diren gizakiak, barrura bizi direnak, eta norbera, erdian, abaro horretan egoten ikasi behar duen gizaki soil bat.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.