Blanca Urgell

Magiaren zipriztinak

2026ko urtarrilaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Joan den egunean amaren urtebetetzea izan zen. 89 urte egin ditu eta, zein zaila den opari egokiak bilatzea ezer handirik behar ez duenarentzat. Erabilgarriak ohi ditut: xaboiak, kremak, koloniak edo lurrinak, mantatxo bat sofarako, berogailu txiki bat komunerako… Halakoak. Aurten lepoko eder bat oparitzea otu zitzaidan, zilarrezkoa: berak ere ezer berria janzteko ilusioa behar zuela-eta. Urtebetetze bazkarian, baina, xaboiak, kremak, koloniak edo lurrinak, mantatxoak-eta oparitu ohi dizkioten nire ahizpek zilarrezko katea eta zintzilikari bana ekarri zioten. Arrazoi sakon bat bazeukaten haiek amari lepokoa oparitzeko, eta nik ezagutu ez…

Horixe bai kasualitatea! pentsatuko zenukete gehienok. Halere, horren harira lagun batek Rupert Sheldrake aipatu zidan, eta Wikipedian erositako prezioan saltzen dizuet.

Sheldrake gure ama baino sei bat urte beranduago jaio zen, Bigarren Mundu Gerra bukatu baino lehen, beraz. Ingelesa, biologo eta biokimikoa, landareen munduan ibilitakoa da gehienbat lanbidez: haien hormonen transmisioan eta Indiako uzten gorabeheretan.

1981ean, Mitxelenaren Euskara Batu Zaharrari buruzko teoria idatziz irakurri ahal izan genuen urte berean, erresonantzia morfikoaren teoria delakoa plazaratu zuen. Funtsean, landareetan antzemandakoak aintzat harturik-edo (diot nik), organismoen arteko telepatia-harremanak izan badirela aldeztu zuen, eta espezie-barruko oroimen kolektiboak, informazioa jakintzat eman ohi dugun bezala ez ezik, beste modu misteriotsu eta, dudarik gabe, hagitz eraginkor batzuetatik bidaiatzen dela, alegia.

Urtero ikasarazten dizkiet ikasleei zientziaren hatsarreak, gure alorrean ohikoak diren sasi-teoriak balioren bat duketen teorietatik bereizten ikas dezaten, bai eta beren jardun filologiko edo linguistikoan ahal bestean begira ditzaten. Sheldrakeren hipotesia «sasizientziaren» eta «pentsamendu magikoaren» barruan sartzekoa da zientzilari gehienen ustez. Berak aitortu zuenez, kideek ez zuten gogor eztabaidatu: barre egin zioten.

Halere, zer litzateke bizitza noiztenka magiaren zipriztinek bustiko ez balute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.