Larrepetit

Martin & Martin

urtzirrutikoetxea
2011ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Zapoak eta sugeak sanjuanetan surtan erreta, aro berria galapan dator. Negu luzearen atarian joan ginen Nafarroara Aurore Martini elkarrizketa egitera. Sasian eman ditu negua eta udaberri itxaropentsuko zati luzea, eta orduan legez orain ere antzeratsu mintzatu da, jazarri edo espetxeratuko dutela jakitun, eta jakitun Euskal Herriari, Frantziari eta giza eskubideei lezio itzela ematen ari zaiela. Emakume baten ausardia eta herri baten sumina Estatu oso baten makinaria juridiko eta armatu guztia ari da gainditzen.

Estimatzekoa PSNren stripteasea ere. Biluzik zegoela jakinda ere trapu gorriren bat zeukala esatera tematzen zen eta, hara, jausi da behingoan. Umezurtzak hiltzaileen ondorengoekin batzea okaztagarria da, baina zinez umezurtz diren sozialistak babesteko unea da. Batzuk desberdin itxurak egiten zeuden artean, zinez antzekoak zirenak zeinen ezberdinak diren nabarmentzen aritu dira. Aitortuko dugu zatiketak emaitza txukunak eman dituela, baina sozialismo umezurtz hori elkarrekin jaso eta eskuin muturrari oposizio irmo, bakar eta batua egiteko aukera paregabea dago.

Zuberoako Martin Lapurdin babestuta ikusi dugu, poztu gara. Erasoa geldiarazi dute. Eta Lapurdin Xabier Galdeano irudikatu dut, beste Martini irribarretsu, nork esan behar zion horrelako ur handietan murgildu behar zuenik. Eta halaxe irudikatu Xabier Salutregi, Teresa Toda eta Ahaldun Nagusi jaunaren dozena bat lankide, Espainiako espetxeetan sakabanatuta Egin egiteagatik. Egingo dugu esan zuten eta egin dute. Bihar bakea egin nahi duen euskal hiri batek Europako Kultur Hiriburu izan behar duela defendituko du. Autobusez doa taldea, sanjoan suetako dantzaren ostean. Hain sinple, hain eder. Bigarren astea eta berriz errepikatu behar dut. Inbidia. Eta Madrilen badakigu besterik ere badela, bake bila abiatzeagatik bizi dugun itxaropenaren errudunak epaituko dituzte. Txapela, autobusean egin duzu lekurik Arnaldo eta enparauak bueltan ekartzeko?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.