Bizi naizen hiriko alde chic eta cool-ean, garai batean, ez oso aspaldi, bazegoen arrandegi zoragarria bitxidendak bezala ezagutzen zena. Arrandegiko eskaparatea izugarri ederra zen, eta, ikusi eta atoan, arrain guztiak erosteko gogoa sartzen zitzaizun. Jakina, eder bezain garesti ziren eta ni sekula ez nintzen hara sartu. Auzo dendak eta merkatuak maite ditut, dendariaren eta eroslearen artean lotura berezia sortzen delako. Zure izena dakite, beren izenak dakizkizu, eta hor konfiantza garrantzitsua sortzen da. Ohiko arrandegira joan nintzen lehengoan, asteburu luzerako arraina erosten. Eurak ere jai izango zutela ikusi nuen sarrerako kartelean irakurrita, eta txantxetan esan nien: «zuek bizioa duzue, gero». Aspaldi ezagutzen gara eta berehala erantzun zuten txantxa tonu berean. Hitz-jostetak amaitu zirenean, baina, kontu serioetara pasatu ginen. Kontatu zidatenez, bada bezerorik dendariek zubia hartzea ez duena ondo hartu: ea zer jango duten esan ei diete. Nik, zinez, ez dakit zertarako dauden hozkailuak eta izozkailuak etxe batzuetan. Beste bezerorik ez zegoenez, kontu kontari jarraitu zitzaizkidan: udako oporren ostean ohiko bezeroa heldu zela eta oporrez galdetu ziela. Dendarietako batek laburregiak izan zirela erantzun zion. Ez zuten bezeroaren erantzuna itxaroten: «bakoitzak merezi duena». Txundituta geratu ziren, eta minduta. Bezeroak, jakina, oporraldi luzeagoak ditu, eta ez du, egunero, goizeko ordu txikietan merkatugune nagusira joan behar, gero dendan salduko dituen jakiak erostera. Alegia, ez duela bere kontura lan egiten.
Ni ere harrituta geratu nintzen. Oraindik bada bizitza deitzen dugun kontu hau norbere merezimenduan oinarrituta dagoela pentsatzen duenik, eta jakina, hori pentsatu ohi duenak merezimendu guztiak beretzat ditu. Gero bizitza arduratzen da gutaz, eta barruan daramagun klase dikotomiak katakrok egiten digu guk baino merezimendu gutxiago dituztenak gu baino hobeto bizi direnean, eta diru nahikoa irabazita, gazteegi erretiroa hartzen dutenean. Tira, eta gero, zuzenean, pepelerdoak daude, jakina.