Ander Perez Argote

Misent

2024ko urriaren 4a
05:00
Entzun

Badira erremediorik gabe liburuetara eramaten zaituzten bidaiak. Lerro hauek, adibidez, Alacanteko Deniatik idazten ari zara, urriko eguzkiaren bila egindako bidaia batean. Baina, Denia baino gehiago, Misent datorkizu zuri gogora, eta Chirbesen Crematorio liluragarria.

Misent Rafael Chirbesen herri alegorikoa da, Garcia Marquezen Macondo, Atxagaren Obaba. Misent Chirbesen unibertsoaren neurrira eraikitako herria da, protagonista bezain lekuko. Misent XXI. mendeko lehen urteetako paradigma da, higiezinen burbuila lehertu aurreko tentsiozko baretasuna, etxebizitzaren espekulazioaren salatari fina, turistifikazioaren biktima eta errudun, eta porlanaren sukarraren inguruko giro beltzaren narratzaile bikaina. Misent Levanteko kostaren eredu da, Misent Denia da, baina izan liteke zure hiria ere, edo inguruko beste edozein.

Misent langile klasea zorpetu zuen trikimailu handiaren adibide da, lehenbiziko etxea ordaintzeke zutela bigarren bat erosi zezaketela esanez milaka langile engainatu zuen xantaia. Misent, edo zure hiria, hipoteken tranpa handiaren eszenatokia da.

Orain, turisten masek alde egin dutela, hutsik ageri dira arrautza koloreko apartamentu blokeak, eta itsasoak 2008ko krisi haren erresaka dakar. Pentsatu duzu, ordea, gutxi aldatu dela kontua, eta zoriaren menpe egoten jarraitzen duela etxebizitzaren aferak, nori herentzia bat erori, nori tokatu babes ofizialeko zozketa.

Bitartean, politikaren saiakerak datoz, eremu tentsionatuak eta ahalegin nobleak, baina susmo batek segitzen du azalari itsatsita, etxebizitzarena sekula eskubide izango ez den eskubidea dela dioen susmoa, noizbait Misenteko itsasoan nahi gabe irentsitako ur gaziaren trago hartatik sekula errekuperatu ez bagina bezala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.