Askotan esanagatik ez du gaurkotasunik galdu: ba ote dago munduan estaturik gabeko hizkuntza izanda euskarari bezainbat diagnostiko egin zaizkionik? Kostako zaigu bat topatzea.
Eta irudiko luke diagnostikogintzan trabatuta dagoela. Alde, izkina, ertz eta errealitate desberdin guztietatik aztertu dugu euskararen egoera: Txillardegirekin hasita, geroztik etorri dira, beste batzuen artean, Euskal Herrian Euskaraz, Eusko Jaurlaritzetako Euskararen Aholku Batzordeak, Soziolinguistika Klusterra, hainbat behatoki, Kontseilua… beste bi ere badatoz bidean, Jauzia Gara Eusko Jaurlaritzarena, eta Euskaltzaindiaren eskutik lantzen ari direna. Azkena, orain arte egindakoaren bilantzat jo dezakeguna, euskal soziolinguistikaren Larousse alegia, Iñaki Iurrebasok eta Gari Goikoetxeak kaleratu berri duten Esnatu ala hil lan bikaina. Munduan, metro karratuko, diagnostikogile gehien daukan hizkuntza da gurea. Moratoria bat, mesedez, euskararen diagnostikogintzan.
Diagnostiko gehiago behar ditu euskarak, edo ahalegin handiagoa bideratu beharko genuke diagnostikoetatik eratortzen diren neurriak hartu eta abiatzen? Bada neurri bat, diagnostiko guztietatik ondorioztatu beharko litzatekeena, baina nahiko argi esaten ez dena. Labur esanda: ez dakienak ikasi egin behar du. Ez dago beste biderik adimen artifizialak —hori ere iritsiko da— burmuinean euskara txipa sartu bitartean.
Eta hizkuntza bat bereganatzeko unibertsalki dauden hiru bideetatik —hezkuntza, familia transmisioa eta helduen euskalduntzea— lehen biak, gorabeherekin, ondo samar ari dira. Eta hirugarrena, euskaltegietako bidea alegia, nola doa? Egiten al dugu nahiko ahalegin 18 urtetik gorako milaka eta milaka erdaldunak euskaltegietara bidaltzen? Ez du ematen, azken hamarkadetako kanpaina sendorik eza ikusita.Â
Diru gehiago gastatzen dute enpresa askok beren eskaintzaren publizitatea egiten, euskal administrazioek helduak euskaltegietara bidaltzen baino. Ez dauka logikarik.
Aurki hasiko da euskaltegietako matrikula kanpaina: benetako jauzia egiteko aukera bikaina.