Blanca Urgell

Muinoetan muina

2026ko otsailaren 11
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Uste dut Harri Arotik gutxienez berdinak garela; baldintza materialak, pentsamoldeak eta bizimoduak aldatu dira, bai, baina barrendik lehengo berak gara, gure on-gaitzekin: gure gaitasun-desgaitasunak, gure enpatia eta egoismoak, sortzeko eta suntsitzeko ahalmena, jakin-min eta beldurrak.

Uste dut, halaber, mendebaldarrok —bestek ere bai, noski, baina tira— gainerakoak gaitzesten ditugula dirudien baino modu sotilagoetan. Lehengo batean mastodonkide batek honako gogoeta hau egin zuen Erich von Däniken idazle zendu berriari buruz, alegia, bera bezalakoek pentsarazi zigutela gazteak ginen garaian —eta horretan dihardute oraindik batzuek— gurea ez beste kulturek ezin zituztela halako lorpen miragarriak egin berez eta beren indarrez eta, horregatik, Egiptoko piramideak, Nazcako lerroak, Rapa Nuiko moaiak edo Zimbabwe Handia, kasu, estralurtarrek eginak ez ote diren.

Uste dut horregatik ere ez dugula behar bezainbat ezagutzen Indus haraneko hirigintza, ongi planifikatua bezain egitura hierarkikorik gabea omen dena (K.a. 2500-1900); edo Ameriketan landareen etxekotzean egindako bide luzea, mundu osoko elikadura aldarazi duena (patata, indaba, piperra…); edo txineraren idazkera, duela 3.500 bat urtetik gaur arteko erregistro etengabea duena; edo Australiako bertakoen Ametsaldia (utikan aborigen hitza), ehunka edo milaka urtez iraundako ahozko ezagutza sarea.

Gure aurreiritzien aurkako azken-aurreko ukabilkada Turkiatik dator, Göbekli Tepe, Karahan Tepe, Nevali Çori eta Anatoliaren hego-ekialdeko beste aztarnategi batzuetatik (tepe ‘muinoa’ da). Duela 9.000 urte baino lehen ehiztari-biltzaileek komunitate-izpiritua, obra ziklopeoak egitearren talde handitan antolatzeko gaitasuna, arte sofistikatua eta erlijio konplexua zutela adierazten dute aurkikuntzek eta, aldiz, gezurtatzen dute nekazaritza gizarte-egitura gero eta konplexuagoaren eta, besteak beste, erlijio ofizialari datxezkion monumentu eta erritualak ere egotearen eragiletzat hartzen zuen historiaren ikuspegia. Aitzitik, badirudi azkena dela aurrena.

Eta, hara, Elizarekin egin dugu topo, Santxo.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA