Larrepetit

Mundua parrillan

2011ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Berlineko parkeetan, turkiar jatorriko familiak dira belardietan grill-oasiak sortzen abilenak; garaitu ezinak dira antolamenduari dagokionez. Prestaketa gutxiagorekin ere inprobisatu daitezke halloumi gazta, cherry-tomateak eta izokina parrillan. Txerrikiak albo batera uzten dituen aukera honekin, pentsa liteke musulmanak ditugula afaritan, baina taldeko gehienak emakume japoniarrak dira eta zotzekin ematen zaie buelta jakiei.

Halloumi gazta, trinkoa eta gazia, asmakizun ederra da grill begetarianorako, berotzean bere formari eusten baitio. Zipreko espezialitatea izanik, Mediterraneoko herrialdeetan zabalduta dago eta etorkinekin etorri da gure artera: Turkiatik, Libanotik, Egiptotik, Greziatik. Gazta zatiei begira, asoziazioz: gerra, errebolta, krisia. Siriatik ihesi, Turkia eta Libanora uholdeka iristen ari direnak. Tahrir plaza, egitura demokratikoak galdegiten dituen errebolta baten sinbolo bilakatuta. Bi diktadore erori dira eta beste hiru daude amildegiaren ertzean. Grezian (eta Espainian, Frantzian, Portugalen, Erresuma Batuan) demokraziek funtziona dezaten eskatzen dute belaunaldi gazteek. Europaren lur jotzea agerian uzten duen krisi ekonomiko eta politikoa.

Baina tomateak! Tomateak Italiakoak dira eta kolorea ematen diote parrillari. Irribarre txikiak antzeman daitezke burutxo gorrietan. Pozik egoteko arrazoiak dituzte Italian, aspaldiko partez. Berlusconiri muturrekoa emateaz gain, energia nuklearrari ezetz esan diote, Alemania post-fukushimatarrari jarraiki. Fukushima, ez ahaztu. Dena den, izokina ez dago japoniar tradizioko teriyaki eran jarrita.

Mundua ikus daiteke Berlineko parke bateko parrillan jarrita. Parrilla gaineko zatitxoak txikiak dira, eta egoeraren balantzea ezin da berehala egin, baina krisi ekonomikoa eta errebolta arabiarrak ez dira, batzuek nahiko luketen bezala, dimentsio txikiko olatuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.