Goizero bezala sare sozial batean scroll egiten ari, eta topo egin dut Kataluniako «emakumeek egindako penetrazioarekiko biolazioen» estatistiken istorioarekin. Iruzkinetan sartu eta segituan erabaki dut burutik ez gaudela ondo. Berriz ere.
Beraz, apaletan aspaldixko zetzan Jesus Lorenzo Jimenezen La vasconia peninsular en las fuentes árabes (años 711-929) liburuan scroll egitea hobetsi dut.
Nola ikusten zituzten arabierazko iturri haiek gaurko Hego Euskal Herria? Lorenzok diosku hiru lurraldez bakarrik ohartu zirela. Lehena, Al-baskuns edo Banbaluna, Iruñerriari-edo bide zegokion. Berak uste du al-baskuns latinezko iturrien vascones-tik ikasi zutela arabiarrek.
Bigarrena Alaba, duda gabe gure Arabarekin lotua, nahiz ezin zehaztu orduko hura nondik nora hedatua zen.
Hirugarrena, Tutera aldea, bitarte hartan guztian Al-Andalusen parte zena.
Alaba hartako bi leku bakarrik identifikatu uste ditut: Ar.g.n.sūn haitzartea eta al-M.r.kwīz haitzarteko igarobide gotortua (puntuek iturriek markatu ez zituzten bokalak adierazten dituzte).
Lehena, onartua da gaurko Argantzun dena (Trebiñu). Udalerriaren web-orriak dio 801. urtean, Araba erasotzera etorrita, Kordobako emirraren anaia buru zuen armada bat gainditua izan zela han. Hori bera dakar Lorenzok.
Bestea ausartagoa da, eroa ez balitz, Markinez herria ekarri baitit gogora (euskaraz Markiz, aldaketa fonetiko modernoagoz), Arabako Mendialdean, Izkiko Natura Parkean. Lerro ia zuzen bat osatzen dute bi herriek, CL-127 errepideaz joan, Argote eta Albaitatik igaro, Paritzan (antzinako Barizahaza) Trebiñu utzi eta Urarte herriarekin bat Bernedon sarturik.
Nire alde, Markizek badu «gazteluko haitz» bat, noizbait gotorleku gisa erabilia. Nire kontra, 1025eko Donemiliagako Goldea-n Marquina izatea herriaren izena: 1257 arte ez omen da Marquiniz azaltzen. Fonetikazko detaileak aipatu gabe. Aiei.
Nere eta Ana, nork bere lana.