Astearte gaua da. Kuadrillako whatsappa sutan dago kale eta terrazetako bideoak bidali eta bidali: Viva España-ka ikusten dira batzuk, Yo soy español-ka beste hainbeste gure etxe azpietan. Egiari zor, mutiko eta gizon andana hori hainbeste izatetik gertuago dago batzuk izatetik baino. Lotsa ematen dit batzuetan gure herriak, baina sareetara sartu naiz, eta ikusi ditut pedigriko herri euskaldunetako bizilagunak ere kexuka haien auzoetan suziriak bota dituztelako Espainiak final erdiak irabazi ostean. Berez, nazio ikuspegitik Frantziak irabaztea ere ez zen aukera onena, eta hori azpimarratzeko lanetan aritu dira egunotan hainbat eragile.
Eta, halere. Sinpatia handiagoa eragiten du Oiarzabalek Deschampsek baino, eta alderantziz, La Roja-ren aurka errazago lerratuko gara Les Bleus-en aurka baino, nahiz eta kolore bakarreko diferentzia egon. Adibidez, egun hauetan entzun ditut gurasoak kexuka, haien seme-alabek Españitaren merchandising-a nahi dutelako: kamisetak, galletak, patatak, kromoak, puxikak… Ezetz batzuk, amore emanda besteak, baina berdin-berdin lotsaizun. Ez dut oroitzen, alta, aurreko Bertso Txapelketa Nagusiko finalean jendea saiotik lotsak jota irten zenik Qatarko Munduko Futbol Txapelketako finalean. Argentinak Frantziaren aurka jokatzen zuen.
Bada beste kontu bat ere: patriotismoak generoa duela, eta inor gutxi gogoratzen dela Espainiako selekzioko neskek 2023an Munduko Txapelketa irabazi zutenean Paredes eta Hernandez euskal herritarrak taldean zeudela. Oraintsu Williams, Simon, Oiarzabal, Zubimendi eta Merino bezala. Ez zegoen halako sukarrik, ez txapelketa irabaztean ezta Rubialesen auziak iraun bitartean ere.
Eta halere, gutako askok ikusiko dugu New Yorkeko finala. Nahi duzuen aitzakia jarri: ikerketa soziologikoa, futbolarekiko gozamena, halftime-ko showa, Harry Kane edo Messigatik. Irentsi dugu amua, eta jakizue kontraesana handiegia dela azkurarik gabe etxeko sofan hanka-zabalik eta birra eskuan partidua lasai antzean ikusteko.