Ander Perez Argote

Nola idatzi agur bat

2025eko uztailaren 25a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Nola idazten da zutabe bat, azkena dela jakinda? Behar al du aurreko beste 150 artikuluen borobiltze bat izan, laburpen bat, ondorio bat? Jaso beharko luke hiru urtez landutako gaien berri, kondentsatu beharko lituzke hiru urtetako sentsazioak, ala gauza erabat aparteko bat izan? Edo baliatu beharko zenuke, akaso, eskerrak emateko, hiru denboralditan zehar idatzi dituzunen bitartez zugana hurbildu diren horiei denei estimua erakusteko? Artikulu hau lore sorta bat da, tulipak, margaritak eta hortentsiak, esker bakoitzeko ale bana, idazketa prozesuan zehar lagundu zaituztenentzat. Argitaratu bezperan testua irakurri eta iritzia eman dizunarentzat, lore bat. Aste honetan, ahal dela, ez bidaltzeko eskatu dizunarentzat, ostiralean egunkaria ireki eta zu irakurtzeko ilusioa gorde nahi duelako, bi lore.

Itzultzaile automatiko eta jubilatuentzako euskara klaseen garaian, alferrik da Eider Rodriguezek zioena, idazten zuena amak ulertuko ez zuela jakiteak ematen zion segurtasunarena. Artikulu bakoitza pudore ariketa bat da. Munduko gauza inportanteen eta zure iritzi xumearen arteko oreka joko bat. Esateko zerbait duzula sinesteko ahalegina, basoan eroritako zuhaitz bat bazara, norbaitek entzungo zaituela pentsatzea. Eta beraz, nola esan agur, zure agurra ezdeusa denean, egunotan bertan gauza inportanteagoak agurtzen ari direnean, Hatortxu Rock betirako agur esaten dabilenean, maitaleek agur esan diotenean, izango direnean ospitale gela hotz batean elkarri betirako agur esaten dabiltzanak?

Aspaldi ikasi zenuen, heriotza salbu, despedida oro dela potentzialki behin-behinekoa. Izan dituzu dramatismo handiko agurrak, gerora, simulakro hutsean geratu zirenak. Eta beraz, esan zenezakeen aio, baina lehorregia litzateke. Esan zenezakeen laster arte, eta baikorregi izan, edo gero arte, eta ate bat zabalik utzi. Hobe agur sinple bat. Aukera guztiak sartzen baitira bertan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.