Ander Perez Argote

Nor haserre

2023ko abenduaren 15a
05:00
Entzun

Cristina Ibarrolak ez du kudeaketa txarrik egin, edo ez behintzat Enrique Maiak baino okerragoa. Hiria aztoratu duen proiektu polemikoren bat edo beste abiatu du, baina ezer gutxi, bere garaian Barcinak egindakoekin konparatzen bada. UPNren azken udal gobernuak autoritarismoa izan du oinarri, eta inorekin ezer adosteko ezgaitasun politiko nabarmena erakutsi du, bai, baina noiz izan da bada UPN elkarrizketaren eta akordioaren aitzindari gurean?

Orain, zentsura mozioa babestu eta hiriko alkatetza EH Bilduren eskuetan uzteko PSNk UPNren gestio okerra argudiatu badu ere, eta hark bezala EH Bilduk ere UPN udalean dagoen bitartean hiriak blokeo egoera biziko duela azaldu badu ere, ez zaio inori eskapatzen sakonagoko arrazoiak ere badaudela hartutako erabakiaren atzean.

Eta ez da hainbeste hau zeren truke datorren, Nafarroan Txibite edo Madrilen Sanchez presidente egin izanarekin zerikusirik ote duen. Bata ez da bestearen arrazoi eta ondoren. Izatekotan, hiru jokaldiak dira egoera politiko integralago eta, nahi bada, sekula ikusi gabeko baten ondorio. Bestela, izango litzateke egoera hau aurreko legealdietan ere, blokeoa ez denez gaurko gauza, eta kudeaketa txarra ere ez.

Gurasoekin bazkaldu duzun egunean tokatu da albistea, eta elkarri isiltzeko keinua egin diozue telebistak haren berri eman duenean. UPNkoak PSNkoei denetarik esaten ikusi dituzue, eta, barre artean komentatu duzue, azkenean, hemen, beti norbait PSNkoekin haserre egotean datzala kontua.

Orain beste batzuk dira haiekin haserre daudenak, eta hori da aldea. Erabakiaren dimentsio politikoa eta bira historikoa azaltzen duen gakoa izateaz gain.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.