Jadezko aizkora leundu bat dago Palentziako museoan —sarean ikusgai—, eta ez da gutxienekoa jadea Alpeetakoa izan eta aizkora handik 1.600 bat kilometrotara egotea, K.a. 4500-3900 artean halako aizkorak Europa osora hedatu izanaren ondorioz —ba omen dira bi mila baino gehiago—.
Jadea egurra edo lurra lantzeko? Ez, ba. Erabilerak ez ditu higatu: inoren boterearen eta ospearen erakusgarri bide ziren. Horregatik, hileta-ondasunetan agertu ohi dira, edo jainkoren baten omenez lurpetutako deusetan, edo gurtza-lekuetan.
Harrizko aizkoratxo leundu asko ere agertzen omen dira Neolitotik aurrera, agian amuleto edo kutunak, batzuek eskegitzeko zuloa ere badute eta.
Magiak eta zientziak talka egiten dute harri leunduen gai honetan. Antoine de Jussieau-k (1723) aurrenekoz esan omen zuen pierre de foudre direlakoak, Plinioren ceraunia-k, gure oinaztarriak berak, antzinako gizakiek landuak direla.
Nork sinistu? Denek zekiten oinaztarriak, tximistarriak, Lizarraga Elkanokoren ausnarriak edo are ezezagunago den ozmearriak —‘trumoi-harriak’ Islandian eta Japonen, ‘Jainkoaren geziak’ hungarieraz, ‘tximist geziak’ Indian, etab.— zerutik datozela. Oinaztuak lurra jotzen duenean lurrean biziki barna sartu eta —Barandiaranek hala dio— zazpi urtetan gora-gora egin eta gero lur-azalean agertzen direnetik aurrera etxea tximistatik babesteko indarra daukate oinaztarriek.
Hala bada, zerutik jausitako harriak —Lasturko dorrea hautsi zuen halako batek—atalasean ipintzen ziren ahoz gora antzina-antzinatik: dolmenetan, adibidez. (Teilapean ere aurkitu dira Harri Aroko harri leunduak ugari etxe eta elizetan).
Euskal Herrian Barandiaranek atalaseko ohitura hori bizirik aurkitu zuen XX. mendean, baina metalezko aizkorekin lotua gehienbat: nork daki, denentzat oinaztarririk ez, edo lanabesa halabeharrez «gaurkoturik».
Azkenean, Jussieauk irabazi du. Irabazi-edo. Hortxe daude oraindik harri-z eratutako izenak zinaldari, eta baietz baten batek etxeko sarreran oinaztarria izan oraindik. Baietz.