Bero sapa egunak izan ditugu Euskadi tropikalean. Berrogeitik gorako tenperaturen aldean bada hogeita hamarrak fresko samartzat hartu dituenik, nondik begiratzen den, jakina. Telebistan kontatu dute ez dakit nongo errepidea urtu egin dela, eta nik Daliren koadroetako erlojuak eta mundu psikodelikoak izan ditut akorduan. Bilboko metroa ez da babesgune klimatikoa baina egunotan egokien suertatu den tokia izan da. Beroa, ordea, ez da soilik gizakiontzat pairamen, metro eta tranbiako makinak ere berotu egin dira eta horrelakoetan, esan didatenez, okupazio faltsua fenomenoa gertatzen da. Ez esan, gero, adiera polita ez denik! Berrogeita hamar urte barru Euskaltzaindiak onartuko du. Baina utz ditzagun ironiak... zer ote da hau? Kontua da, beroaren beroaz, metroa kudeatzen duen sistemak metrobideetan bagoia dagoela pentsatzen duela: baina ez dago. Honek eragin itzela du bagoien joan-etorrietan. Sistemaren akatsa da, mamuak sentitzen ditu. Ez dago bagoirik, baina badago. Schrödinger-en katuaren bertsioa. Ederra iruditu zait okupazio faltsuarena.
Beroarena, aldiz, kontu serioa da. Gure hiriak egokituta egotetik oso urrun daude. Irakurri dut Bartzelonan oliba hondarrekin pabimentu berriak pentsatzen ari direla, demaseko beroa eta ura modu naturalean irentsiko dituena. Zementua demodé dago, mon ami/e. Krisi klimatikoan adituak diren zientzialariek behin eta berriz esan digute: hiriguneek zuhaitzak behar dituzte, zementu gutxiago, hamabost minutuko hiria, eraikitzeko modu ezberdinak, eraikin zaharren gaurkotzea, benetako klima babesguneak... Kontsumoan oinarrituta dauden gizarte hauek (eta berton bizi garenok) demaseko kontsumo-galgari eman behar diote/diogu, baina zein zaila den zurrunbiloan barrena gelditzea, ohiturak aldatzea, ustez gustuko ditugunak baztertzea. Eurostat-en arabera europar bakoitzak, iaz, 177’8 kilo ontzi zabor sortu genuen. Bizi ditugun hiriak aldatu behar dira, baina guk ere egokitu egin behar dugu; beroak, suteak eta hotzak etorriko direlako, eta okupazio faltsua gutxienekoa izango da.