Goizalde Landabaso

Milimetroak

2025eko abenduaren 30a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lehengoan irratia entzuten ari nintzela jakin nuen Realak beste entrenatzaile bat duela: Pellegrino Matarazzo. Albistea kontatzen ari ziren esatariak tematuta zeuden kontu batekin, «oraindik ez daki espainierarik, baina zertxobait badaki». Horri bueltaka zebilkion neure burua, pentsatzen ari zena ozen esan zuenean: «Baina zer nahi dute, entrenatzaile ona ala espainieraz dakien entrenatzailea?». Ez iezadazu erantzun, otoi, badakit zein den erantzuna. Bestearenganako komunikazioa oso garrantzitsua da, baina salbuespen bat dago: euskara edota hizkuntza ez-hegemonikoak. Eta bai, nik ere ikusten dut euskararen aurkako oldarraldia libre dabilela, euskara sustatzeko edota bere ofizialtasuna garatzeko zerbait egiten denean hor baitaude, aurrerapauso oro gelditzeko, salaketak eta Espainiako Estatuko legeak. Nik ere pentsatzen dut bozkatzen ditugun politikariek, Madrilera, Parisera edota beste edozein tokitara negoziatzera doazenean, euskararena mahai gainean ezarri beharko luketela, legeak ez direlako zer dibinoak. Legeak gizakiok adostutako arauak dira.

Edozelan ere, eragozpenak eragozpen, aurrera goazela nabarmena da. Bizi naizen hiri erdaldunduan, egun, %31 euskalduna da. Horrek esan nahi du zuk uste baino euskaldun gehiago dagoela, belarriak ernatu besterik ez dago horretaz jabetzeko. Herenegun Erriberako merkatura joan nintzen olibak erosten. Saltokiaren jabeak ama-alaba euskaldun punkiak dira. Alaba, ikastola-kumea. Ama, berriz, bere kabuz ikasitakoa da; eta bai, ez du euskara perfektua, baina berdin zaio, berak ekin eta jarraitzen du. Kaixo eta eskerrik asko artean, euskaldun herabeenak ere euskaraz eskatzen du. Lubaki izakiak dira, eta badakite milimetroak irabazi eta metroak ez galtzean datzala kontua. Erdaldundutako guneetan jaio, hazi eta bizi garen euskahaldunduok ondo ikasten dugu lezio hau.

Ondo legoke Matarazzo jauna olibak erostera baletor, kontu egin ezazu zenbat hauts harrotuko lukeen euskara ikastea lehenetsiko balu; zer esango lukete orduan irrati esatari haiek?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.