Gazteek egiten dutenaz, eta gazteez, oro har, arduratzen hasten zarenean, ez ezazu gehiago bilatu: zahartzearen kontzientzia hasi zaizu. Azken boladaotan maiz irakurri izan ditut hedabide ezberdinetan 2000. urtetik gora jaiotakoen gaineko gauzak. Gazteek zer egiten duten, zer gustatzen zaien, zein ohitura duten…; are gehiago, bizi dugun orainaldian zenbatetan izan dugu existitzen ez den etorkizuna hizpide? Eta zenbatetan hitz egiten dugu jazoko denaren orakulua izango bagenu legez? Horrelako orakulismo une batean apustu bat egin nuen; apustua egin nuen orakulismoak ematen didan amorruari gehiago aurre egiteko, daitort. Taldean zegoen batek esan zidan egungo gazteak etorkizunean birtualitatean biziko direla, eta euren artean ia ez dutela hartu-emanik izango. Bitxiena da etorkizunean gazteen arteko sexu hartu-emanik izango ez dela ziostanak ez duela irakurri 1932an Aldous Huxleyk idatzi zuen Bai mundu berria. Dena pantailetan biziko dutela zioen, demaseko segurtasunarekin. «Ezetz hori gertatu?», esan nion. Hamar urte barru Getariako jatetxe batean bazkaria izango dut, betiere bizirik bagaude (ez banago, testamentuan utziko dut oinordekoentzat). Demaseko harrokeria horregatik egin nuen postura. Izan ere, eta gauzak ikusita, nahiko argi daukat, etorkizunaren inguruan aritzen garenean, batez ere orainaz ari garela.
Egunkari honetan berton duela egun batzuk irakurri dut barebacking fenomenoarena. Hiperkonektibitateari aurre eginez, gero eta nerabe gehiagok baliatzen du garraio publikoko bidaia leihoaz bestera begiratzeko. Eta Kataluniako La Vanguardia egunkarian Z belaunaldiaz ziharduen artikulu oso interesgarria irakurri nuen. Gehienez 25 urte dituzten gazteak paperean irakurtzen hasi dira, eta aitaita-amamen ohitura zenbait berreskuratzen hasi dira. Slow life, hots, bizitza patxadatsuari ikusten diotela xarma. Eta poz bikoitza eragin dit, zinez. Batetik, orakulista guztien kontra doalako eta etorkizunaz ideia putzik ez dugula argi geratzen delako. Bestetik, ordea, (ez dut ukatuko) Getariako bazkari hori dudalako ahosabaian.