Blanca Urgell

Orkatilak zelan?

2026ko ekainaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nik neurez burmuina erabiltzen dut. Ez dut gogoan noiz edo nola ikasi nuen, baina esango nuke alde horretatik helduen euskalduntzearen ondorio naturala baino ez naizela. Garuna entzun bai, askotan, baina ahotan hartu behin ere ez.

Eta, halere, hitz ederra dela aitortuko dut. Balirudike bigarren osagaia burmuin-ekin partekatzen duela, eta lehenengoan gar- dagoke, hots, finean gan ‘goia’ (EHHE): ‘gainaldeko muina’ litzateke, bada. Hitz elkarketa eta eratorpenean n / r dantza hori ezagun dugu euskaldunok: aski bedi egun eta eguraldi konparatzea.

Jean Etxepare mirikuak ere (1877-1935) ederra dela pentsatu bide zuen. Izan ere, nahiz hitza mendebal hertsian baino erabili ez, medikuntzako terminotzat hartu zuen, eta garun-axala ‘kortexa’, garuntxo ‘zerebeloa’, garunpeko mukila ‘hipofisia’, etab. sortu zituen (OEH).

OEHk hautatu dituen adibideak ere zein baino zein ederragoak dira: Otxandioko eskuizkribuetako txepetxak baino garun gehiago ez izan eta Arrese-Beitiaren burua ez eduki garunez betea sinonimo parea, kasu. Abeletxek ere gogoratu dit, bestalde, txapela handia izan arren, garuna txipia izan daitekeela. Alabaina, bilatzen nuena Erkiagak eman dit: garunak urtu, beroaldi honetarako ezin egokiagoa.

Egiptoarrek ez omen zuten guk beste konturik hartuko Ra-k garunak urtzen ipini balizkie, zeren momien bihotza mimoz gorde arren, garunak kakoz sudurretik ateratzen baitzituzten, eta zakarretara botatzen. Andeetako herriek zein aztekek ere bihotzean kokatzen omen zituzten emozioak ez eze, adimena ere.

Ikerketa batek (Lahnakoski et al. 2024) gure aroa baino lehenagoko X.-VII. mendeen arteko akadierazko testu mordoa azterturik erakutsi du bozkarioarekin gehien lotzen zuten gorputz-atala gibela dela (nahiz gure artean haserrearen kabia dela asko zabaldu den), eurek kabattu zeritzotena. Nazka, ordea, bernazakiarekin (kimsu) lotzen zuten, beldurra burezurrarekin (gulgullu), maitasuna belaunarekin (burku), lotsa eskuarekin (qatu), inbidia besoarekin (ahu) eta sexu-kitzika orkatilarekin (kisallu).

Garuna urtzear banago ere, esango nuke orkatilak ondo dauzkadala, nire adinerako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA