Gutxi pizten dut nik jada telebista. Batzuetan, afalostean ikusten dut zerbait, baina, batez ere, piztekotan, streaming plataformetan zerbait jartzeko izaten da, baina ez da beti horrela izan. Lehen hamarrak telebista aurrean eta barruan pasatu nituen. Barruan, helduentzako programen tripetan egiten zutelako gurasoek lan: Goenkale-n, Sorginen laratza-n… eta Miramonera igotzen ginelako maiz. Aurrean, gurasoek uzten zigutenean bakarrik: Sinchan eta Doraemon ikusteko gehienbat. Inoiz ez goizetan eta arratsaldeko zazpien aurretik. Beti inbidiatan lagunek Hartz Txiki edo Maite Kuttuna ikusten zutelako, edo Sakura: kartak zakura. Eguerdiren batean aitona-amonen etxean bageunden, Burdin Aho eta Berebiziko espioiak ikusi genitzakeen, eta koxkorxeagoetan, arratsaldeetan Betizu-ra deitzen uzten ziguten, lehiaketan parte hartu eta zorte apur batekin BT Taldearen azken diskoa lortzeko. Ahizpa eta biok telefonoaren alde batean egoten ginen, eta pantailaren beste aldean, berriz, Oker eta Iban Garate edo Nerea Alias kulunpioan. Platoaren beste izkinan, kamera sorbaldan, aita; ziur erdi barrez erdi madarikazioka aitona-amonek berriro telebista ikusten utzi zigutelako.
Nire adinkide diren guraso hasiberriek errieta egingo didate pantailekin oroitzapen ona dudala esateagatik, baina benetan opa diet haien haurrei nik izan dudan euskarazko entretenimendua edukitzea. Iaz, herriko jai alternatiboek hauspotuta, euskarazko marrazki bizidunez mozorrotu ginen dozenaka kuadrilla. Nire ahizpa eta biok Oker eta Nereaz jantzi ginen, helduagoak Songokuz eta Vegetaz, gazteagoak Katutxakurrez. Iruditeria konpartitua garrantzitsua da helduaroan ere. Horregatik, nire adinkideei opa diet denbora eta konpromisoa hartzea guretzat ere ekoizten diren euskarazko ikus-entzunezkoak kontsumitzeko eta eduki sortzaileak segitzeko. Euskara ez dadin oraindik izan zakur eta umeentzako hizkuntza bakarrik.