Distopia bat irudikatu du Pello Reparazek Mitoaroa III ikuskizunean. Oholtzan erabateko kontrola ezartzen duen sistema teknologikoa daukagu, zuri-beltzean. Matrixen bezala, erresistentzia ere badago baina ahul samarra. San Mames zelaian adinez gaztetxo asko zegoen, eta une batez pentsatu nuen Zetakek egindako antzerki proposamenaren aurrean, iluntasun itogarri horretaz zer iritzi izango ote zuten. Abestien txandan, baina, den-denak kantatzen zituztela jabetu nintzen, eta antzezlan proposamenari jaramon handirik ez ziotela jartzen, edo ez zutela ulertzen. Alegia, helduen fikziotzat hartuko zutela, eta, seguruen, maite zituzten kantuak aditzeko albo kaltetzat joko zutela.
Pentsa zenezakeen kontrara ez nator ikuskizunaren kritika egitera, horrek luze joko lidakeelako; beste kontu batekin natorkizu. Izan ere, Parastoo Ahmadik asko esango lioke erabateko kontrola duen sistemaz Reparazi. 2024. urtearen hondarretan, Youtuben, oraindik ikus daitekeen ikus-entzulerik gabeko 27 minutuko zuzeneko kontzertua eman zuen. Kontzertu zoragarri horretan lau musikari gizonezko agertzen dira, eta emakume bakarra, kantaria: Parastoo Ahmadi. Besoen gainaldea erakusten duen tirantedun soineko beltz luzea darama, ezpainak gorri, eta ile beltza airera. 74 zartadako zigorra jaso du Parastoo Ahmadik. Kondenatu duen Qom-eko (Iran) epaitegiarentzat (gizonezkoak denak, jakina) ez da egin duen bekatu bakarra. Izan ere, emakumezkoek pribatuan soilik kanta dezakete eta beste andrazkoen aurrean. Zigor sorta galanta da: 74 zartatekoz gain, ezin dute diskorik grabatu edota kontzerturik eman, Irandik ateratzeko eta bi urtez lan egiteko debekuak ere indarrean jarri dituzte. Belorik gabe, lizun eta lohi jardun zuelako. Bera, eta berarekin batera zeudenak.
Ahots zoragarria dauka Parastoo Ahmadik eta goxoki kantatzen du. Mugitzen da, hitz eta irri egiten du, ikusten ditugun kontzertuetan ohiko beste bat da. Batzuen eta besteen arteko aldea sistema da. Zer sentituko luke Parastoo Ahmadik 40.000 ikusleren aurrean? Agian, soilik askatasuna.