Itsasotik gertuko zenbait herritan, morroientzako jana izaten omen zen angula, urte osoan. Berdintsu gertatzen omen zen gure inguruko baserrietan babarrunekin ere, eta gure amona-aitonek eguneroko jaki izaten zituzten lekaleak. Okitzera arte. Eta zortekoak haiek, kaletarrek ez bezala, bazutelako gerrak ekarritako miseriari aurre egiteko modurik. Orain, berriz, perla beltza deitzen diote gure lurretan ereindako babarrunari. Beltza eta distira handikoa baita Tolosaldekoa, puntu txuri batekin; hortik, ezizenarena.Â
Iazkoarekin alderatuta uzta ona izan dela eta, uzta txarra izanda ere ospatu izango genukeen modu berean ospatu genuen guk aurtengo Babarrunaren festa: usadioak baratzeko lanetatik folklorera lekualdatuta. Kaletarrak bezala.
Hotz egiten zuen larunbatean, eta perfektua zen giroa lagunarte goxora biltzeko. Eguna bilakatu zen halako antzerki bat, iragandako garaietan gorpuztu genuen bizimodu batera efimeroki nola itzul gaitezkeen geure buruari eta ingurukoei erakusteko. Gure bizitzetako uztak ajearekin trukatzeko, babarrunekin okituta; aspaldi gure arbasoak bezala, baina gerririk nekatu gabe. Â
Eta, horrela, uzta batek duen lantegiari eta bueltan ekarri ohi duen huskeriari buruz zerbait jakingo bagenu bezala, izan genuen hizpide babarrun kiloa 18 euroan dagoela. Eta jo genuen eskandalagarritzat, edandako ardo kopetan lehenengoa ia hiruna euro ordaindu genuen bitartean. Kontzientziaz baino gehiago inertziaz izan baldin bazen ere, Ostiral Beltzaren lapiko berean sartu genuen perla beltza, plo-plo.