Zugarramurdin jabetu nintzen ni: Euskadiko txoko guztietan ez du une bertsuan iluntzen, ezta argitzen ere. Mendebaldea, ekialdea, iparra eta hegoa. Kolpean konturatu nintzen eta ingurukoei esan nien: atzo beranduago ilundu zuen. Logika dena dauka, ekialdetik ateratzen da eguzkia eta ez du plaust! kolpean herri guztietan argitzen. Hots, lehenago argituko duela Angelun Karrantzan baino. Eta kontrara ere bai, lehenago ilunduko du Mendiben Trebiñun baino. Itsasgora eta itsasbeherekin ere, berdin. Bidarten itsasgorak goreneko maila hartzen duenean Ondarroak minutu batzuk gehiago beharko ditu goreneko maila hori hartzeko. Alegia, kokagunea aipatu ezean, ezin dugula jakin goizeko 08:13n non joko duen goren itsasgorak edo itsasbeherak. Honek ere badu logikarik, itsasoa ez da gau batean Euskal Herriko etxe guztietan opariak uzteko gai den Olentzero.
Lagun artean aipatu nuen uniformizazioaren kontua, eta punttalakurlo deitu zidaten. Aspaldiko joera da mundua eta bizitza norbere talaiatik neurtzea, eta beti edota sekula santan hitzekin laguntzea. Hortik baino ezin da ulertu maiz errepikatzen ditugun «hau beti horrela izan da», edota, «denda hori beti egon da hor», moduko esaldiak. Iragana ez da existitzen neu ez banago bertan. Axioma hori handituz esan genezake mundua ez dela existitzen ni bertan ez banago. Zaila da horrela gure gerriaren neurritik at besterik ikustea. Ez daukat filosofiaren bidezidorretik jarraitzeko asmorik, norberak ezagutu behar ditu bere mugarriak. Baina ez esan, gero, hipermetrope samarrak ez garenik. Gaur hasiko dira aratusteak Euskal Herrian, esaldiak, funtsean, zer esan nahi du? Eguen zuri edo ostegun gizenean hasten ez diren aratusteak (eta sortatxo bat dago hor) ez direla ihaute, edo euskal, edo ez dakit; baina ez dira. Alba Flores antzezleak elkarrizketa batean laga zuen esaldia gustatu zitzaidan: lengoaia garrantzitsua da, lengoaiak pentsamendua dakarrelako. Beharbada lengoaia da aldatu behar duguna eta barneratasuna zabaldu gugandik at dauden horiek denek, batez ere, toki izan dezaten.