Ander Perez Argote
LARREPETIT

Salda badago

2023ko otsailaren 17a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Ongi pentsatuta, Bilbon euskaldundu nintzen ni. Euskaraz jakin bagenekien aurretik, noski, pasatuak ginen ikastolatik, eta ikusiak genituen euskarazko marrazki bizidunak. Baina ez zen gure eguneroko hizkuntza, argi esanda. Ez ahoan, baina ezta, ziurrenik, testuinguru eta erreferentzietan ere. Leioako Unibertsitatean hanka bat jartzerako, ikasle mugimenduak deitutako baraualdi batean parte hartzen topatu genuen geure burua. Aldarrikapena zein zen ez dut oroitzen. Baina gogoan dut hango batek, jan gabeko orduak arintzeagatik edo, behin eta berriz animatu gintuela, bukatutakoan «saldia» banatuko zutela esanda. Niri, egia esan, arraro egin zitzaidan barau bati bukaera emateko zaldi haragia zerbitzatzea. Baina badaezpada, ezer ez esatea erabaki nuen. Horregatik ez zuen inork nire tonto aurpegia antzeman, protesta bukatu eta katxi basoetan salda beroa banatu zigutenean.

Neure burua babestearren, gorde nezakeen pasadizoa kaxoi batean, baina uste dut ongi azaltzen duela gutako askoren bilakaera. Nola pasatu ginen eskolako testuliburuetako euskara batetik, hamaika euskalki eta hainbat batu entzutera, hizkuntza hori gurea ere bazela ulertzera, partekatzen ahal genuena, norbere modura, beste batzuekin.

Anekdota hobeak egongo dira seguru, baina, nahiko balu, gustu handiz oparituko nioke nirea gure buruaz barre egin nahi duen programa prestatzen ari den gidoilariari. Edo esango nioke ikus dezala edozein libertimendu, horretarako garaian baikaude, etor dadila igandean adibidez Iruinkokoa ikustera.

Arazoa ez baita geure buruari barrerik egiten ez dakigunik. Nondik egiten den da kontua, beti bezala. Zergatik egiten zaigun barre, ustezko gure etxean, beti handiagoaren begiradatik. Edo zergatik ez zituen, Leioako campus horretatik oso gertu —eta garai beretsuan— gazte garaiak emandako aurkezle batek guk gureganatu genituen erreferentzia horiek guztiak barneratu. Hor dago saltsa. Eta hain dago bero, erretzen hasiak garela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA