Blanca Urgell

San Estebantxe

2025eko abenduaren 31
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Abenduaren 26an, behar den egunean, Marisa Barrena wikilari estimatuak aitarengandik ikasitako hau zabaldu zuen: «Gabon bon-bon / Natibitate ase eta bete / San Estebantxe besteetan lantxe». Bistan denez, San Estebani eskainitako Eguberri biharamunean egunerokotasunera bihurtzen garela gogoratzen du. Enbeitak ere ba bide zeukan horren berri: «Etxe onian bauke / Nai zenbat gauze; / Diñue: Gabon bonbon, / Ase ta bete. / Areik dana ganezka... / Gu, barriz, gose».

Geldi gaitezen Estebantxe horretan, egun Estebantxo esango genukeen arren (edo Estebantxu, nongoak garen), esapideak lehengo -txe edo -xe txikigarria atxiki duelako.

XVI. mende bukaeran hala Refranes y Sentencias-en (Totakoxe, «Totica» erdaraz) nola Ibarguen-Cachopin kronikan bildutako Arrasateko erreketa baladan dago (Abendañuxe, ‘Abendañu junior’ akaso), hauetan ere pertsona-izenari lotua. Esan gabe doa hementxe edo geroxeago bezalako aditzondoetako bera dela, beste funtzio batekin bada ere. Berriz, Lazarragarenean izenei ere aise lotzen zaie (berbaxe, gauzaxe, dozenaxe…), bai eta izenordainei ere (bertxe ‘berbera’, geurtxeok ‘guk geuk’).

Hori ikusirik iragar dezakegu Erdi Aroan ez zatekeela gutxiago erabiltzen, baina garai hartako dokumentuetan —%99,99an erdarazkoak izanik— bestelako gutxi dugunez, pertsona-izenetan agertzen zaigu, ugari agertu ere: Amorexea, Joantxe eta Peruxe (1366), Marixe (1377), Arnautxe (1394), Lopexe (1451), Katalintxe (1470)… (ikus Salaberri Zaratiegik izen ttipiei buruz egindako lana).

Mitxelenak akitanierazko izenetan -se idatzitako atzizkiarekin lotu zuen: Anderese, Erese, Neurese… baita haren aldaera -xe-rekin ere: Baiexe, Edunxe… Gorrotxategi ohartu zen emakume-izenei bakarrik lotzen zitzaiela eta, bestalde, haren ustez baliteke *sen errotik sortua izatea. Erro horretatik datoz hala nafar-lapurterazko sehi ‘mirabea’ nola jatorrizko esanahia gorde bide duen mendebaleko sein ‘haurra’. Izan ere, ohikoa omen da hizkuntzetan txikigarriak ‘haurra’ adierako errotik ateratzea.

Hala bada, Lazarragaren baimenarekin: Urtexe berri on guztixeoi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.