Sarak sei urte ditu eta futbolera jolastea gustatzen zaio. Bai, jolastu, jarri dut eta ez jokatu. Sararentzat edozein aitzakia da ona futbolean jarduteko edota baloiari kolpeak emateko. Lagun taldearekin partida sorta jolasten ari da. Edozertara egokitzen den neskatila denez gero, ez zaio inporta bere taldeko besteak mutilak izatea. Zenbat urterekin jabetzen gara zer garen, non gauden, berdintasun ideal hori ez dagoela? Eta zer gertatzen da taldeko neska bakarra izanda onena zarenean? Bere taldeko golegile bakarra izan da partidan. Lehendabiziko gola sartu duenean ezin pozago ospatzera joan da laguntxoekin, baina, hara!, bere taldeko mutilak ez dira poztu, eta ez dute berarekin gola ospatu. Bera nor besarkatu barik geratu da. Harmailetan gurasoak eta ahizpak jauzika ari dira pozaren pozez. Bigarren gola sartu duenean, bere ospakizuna ez da hain joriatsua izan. Ez du ulertzen zer gertatzen zaien laguntxoei, baina ez dute bere golik ospatzen. Hirugarrenarekin eta laugarrenarekin, Sara onartzen hasi da zerbait txarto egin duela. Harmailetan, pozak ezin du pozago izan, eta Sarak guraso eta ahizpei irribarre egin die, baina deseroso dago. Sarak bosgarren gola sartu du. To, no eta naranai maskulinitate berriekin. Virginia Woolfen norberaren gela ondo dago, baina zer gertatzen da etxe osoa nahi duzunean? Partida amaitu da. Sarak pozarren beharko luke, baina triste dago. Gurasoak haserre daude, eta ahizpek besarkatu dute Sara estu-estu. Bere taldeko mutilen aita bakarra hurbildu zaio zorionak ematera, «partida bikaina egin duzu, Sara!» esan dio. Baina ez da nahikoa. Sarak neska izatearen kontzientzia izan berri du, eta ez zaio ahaztuko. Eta berdinak gara eta tar-tar-tar, baina Sararentzat nesken taldea bilatu behar izan dute. Agian horrela golak sartzen dituenean taldekideek ez dute txarto sentiaraziko, eta Sararekin ospatuko dituzte golak. Beste behin ere, hautsak busti ditu urak lokatz bihurturik, eta Sara badabilelako dago orain hain zikin.
Sara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu