Aitortzen dizuet 2025eko ekainaren 13an, Irango armada Israelgo funtsezko posizio militarrak bonbardatzen hasi zenean, ordura arte neure buruari egin gabeko galderak eta alderaketak egiten hasi nintzela.
Nerabezaroan, II. Mundu Gerrari buruzko dokumental bat ikusi eta zeharo ukitu ninduten lekukotasun batzuek. Erresuma Batuko Royal Air Forceko pilotuak ziren gerraz hizketan. Azaltzen zuten, Alemania militarki ia garaitua zegoenean, Hitlerrek ahalegin guztia sobietarren Armada Gorriaren aurka zerabilenean, zertan jardun zuten, Churchillek gidatuta: zibilak bizi ziren Alemaniako hiri nagusiak suntsitu nahi izan zituzten, azpikeriaz eta teknikoki oso zehatz, ahalik eta hildako gehien eragiteko eta atzera-bueltarik gabeko zauriz uzteko biziko zirenak.
Handik urte batzuetara, 2011ko abuztuan, Curia karrikako La Hormiga Atómican eskuratu nuen Iñigo Aranbarrik hainbeste aipatzen zuen Sebald-en Luftkrieg und Literatur gazteleraz (izenburu guztiz aldatuarekin: Sobre la historia natural de la destrucción), zeina Alexander Klugeren liburu ezagunean oinarritzen baitzen. Klugeren liburuak azaltzen du ze teknika zientifiko erabili zituen RAFek zibil alemanak hiltzeko: nola harrapatu jendea kaleetan eraikin puskak eraitsiz, nola sortu sua, nola sortu aire korronteak jendea irentsi eta kiskaltzeko.
Horretan guztian ari nintzen, giza eskubideez eta genozidioez inolako leziorik emateko ez duen Tayyip Erdogan autokrata demofoboak Netanyahu Hitlerren pare jarri duenean. Eta zuztarreko zalantza bat sortu zait. Esatea lotsa ematen dutenetakoa. Onartuta 1945eko aleman zibil bat eta gaurko israeldar sionista bat gizakiak direla, berdinak al dira? Ze Halberstadten, Hanburgon (%75 suntsituta), Frankfurten (%52; 5.000 hil), Dresdenen (%59: 25.000 hil), Kolonian (20.000 hil) zibilak hil ziren, baina israeldar judu heldu ia guztiak sionista konbentzituak dira. Zalantzazkoek alde egin dute edo jazarrita daude (ultra-ortodoxoak eta arabiarrak bezala)... Ez al dira kolono sionistak Aljeriako kolonoen berdinak? 800.000k ihes egin zuten Frantziara independentzia eskuratutakoan.