Goizalde Landabaso

Transhumanismoa

2025eko urriaren 28a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lagun baten bulegoan ikusi nuen afixa. Os Dois Mundos aldizkari portugaldarrak 1880ko maiatzean atera zuen azala zen horman zintzilik zegoena. Marroixka eta arre koloreetan figura bi agertzen ziren egongela zirudien toki batean. Ezkerraldean, beltzez jantzita, dama bat ageri zen. Eskuma aldean, berriz, robot itxuraduna, XIX. mendeko ziborg bat izan zitekeena. Elkarri eskuak lotuta daude kartelean ezinezko dantza batean. Os dois modelos izena eman zioten irudiari. Laguna, nire lilura ulertuta, begira gelditu zitzaidan. «Donna Haraway baino lehenago!», esan zidan. Guk baino lehenago asmatu zuten dena.

Lehengoan Filosofia Kafe batean egon nintzen. Xedea: munstrokeriez berba egitea; baina gauza bat da abiapuntua, eta bestea, berriz, bidaiak hartzen duen norabidea. Ez daukat akorduan zerk eraman gintuen transhumanismora. Irribarrea atera zitzaidan hausnarketa egin zuen emakume batek transhumanismoaz ez zuela berbarik egingo esan zuenean, «bola egiten zait». Nik, berez, ez nuen honetan pentsatzeko asmorik, baina etxerako bidean lagun batek galdetu zidan ea apurtu nuen eskumuturrean burdinarik ote dudan. Eta orduan jabetu nintzen, hara! Duela 3.000 urteko gizaki bati galdetuko bagenio, seguruen, transhumanismotzat hartuko zukeen burnidun besoa zuena. Areago, nork ez du enpasterik? Ezagutzen duzu aldaka apurtu eta protesia daramanik? Ezpainetako botoxa, eta bularretako minbizia izan duten zenbatek daramate ordezko artifiziala? Eta maiz, bihotza ere, artifizialki egokitu behar da gorputzak funtziona dezan. 1957an Julian Huxley britainiarrak asmatu zuen transhumanismo hitza, eta orduan esan ei zuen gizakia hobetu behar zela zientzia eta teknologia baliatuz. Zentzuaren orokortasuna hartuta, hori badago; egiten ari gara, eta burura datozkit Oscar Pistorius eta bere hankak. Dagoeneko transgizakiak ote gara? Badakit eztabaida sakonagoa dela eta zirraragarriak iruditzen zaizkit hipotesi guztiak, eta, gizakiak betitik izan duen guraria: herioari bizkar eman.

Bitartean, zapatila marka ezagun batek motordun zapatilak sortu ditu, antxintxiketan egitea errazago izan dadin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.