Ez hain aspaldi, ezaguna zen txistea:«Zein da hegan dakien pertsona bakarra?». Garaiak zekarren erantzuna berarekin: «Euskal herritarra, Poliziak airera tiro egin eta ziplo erortzen delako».
Ahaztuak 1936-77 elkarteak Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak hildako 52 pertsona zenbatu ditu tarte horretan, Erregimenaren kontrako inongo erakundeetako militanteak ez zirenak. Trantsizioan, manifestazioetan tiroz hildakoak aldran jausten ziren zeru goietatik. Eta ez zen euskal herritarra hegan zekien bakarra. Nolanahi den, aurrez genekien agintariek zer esango zuten: «Segurtasun indarrek airera egin dute tiro».
Apirilaren 3an, Iker Arana zauritu zuen Ertzaintzak Bilboko Etxarri II gaztetxea husteko operazioan. Ez zebilen istiluetan, baina barrabil bat galdu zuen foam pilota batek jota. Asteon zabaldu du Justizia Aranarentzat plataformak Jaurlaritzak identifikatua duela tiro egin zuen ertzaina. Horretarako, etxez etxe joan dira plataformakoak. Auzokideek egindako grabazioei esker jakin izan da nor izan den egilea. Garai horretantxe saldu zizkigun Barne sailak bodycam dontsuen dohainak: «Grabazio horiek segurtasuna eta gardentasuna ematen diete polizia-jarduketei, bai herritarren ikuspegitik, bai ikuspegi operatibotik». Hala da, gardentasuna bermatzeko, ertzainek euren kamera pertsonalak zeramatzaten Arana zauritu zutenean, 35 guztira, baina, o domaia!, «itzalita zeuden, edo irudiak lausotuta zituzten, edo beste leku batera zuzenduta zeuden».
Atabikoa da administrazioak duen arazoa. Beti izango du txoriak errua. Ez dago frogarik, eta ez da egongo, ehiztaria izan denik. Izan ere, nork izango du fedea gertatu aldiro basakeria agerian uzten duen agintean?