Gabonetan sorpresaz etxera itzultzen den senide horren moduan, ustez bat-batean agertzen dena, baina, berez-berez denek espero dutena. Hala heldu da Urdaibaiko Guggenheimen proiektua behin betiko gelditu delako albistea. Horrela, edo datozen egunotako metafora merkeekin segituta, mirari gisa saldu nahi izan dute bestela: bere zakutik Olentzerok herenegun atera izan balu bezala ontziola baten lurzoruaren gaineko kudeaketa administratiboak gutxienez hamar urte emango lituzkeela. Beste opari baten gisan aurkeztu dute elkarrizketa saioek funtzionatu dutela, eta entzuketa ariketak ekarri duela proiektua etetea.
Eguberri espiritua iradokitzen duten hiru formula horiek axola dute, axola duen bezala lehen mailako hiru ordezkarik ematea erabakiaren berri. Forma eta edukia ongi zaindu dituzte patronatuko kideek, herritarrek hobe irentsi dezaten biosfera batean makroproiektu bat egiteari buruz azken hamar urteetan hedatu den mamua egun batetik bestera desagertu dela. Baina hori trikimailu bat da iritzi publikoarentzat. Ezin delako ekuaziotik atera eskualde batek, komunitate batek, mugimendu batek… nagusitasunez eutsi diola milioika euro mahai gainean jarriak zituen proiektu bati. Errazagoa izango da erakundeentzat bideragarritasunaz hitz egitea, nahiz eta ebidentea den ezin dela albo batera utzi kaleko lanak balio izan duela obra faraoniko eta ekozida bat eteteko.
Eta hori ulertzea ezinbestekoa da, batzuetan sentsazioa izan dezakegulako boteredunen aurka egitea ezinezkoa dela, gauzak dauden bezala herri antolakuntzak ez duela merezi, bigarren plano batean daudela herritarren, ekosistemaren eta oro har bizitzaren duintasuna eta abar. Baina herenegungo deklarazioetan jaso ez arren, hemerotekan atzera eginda, ongi bilduta dago herri kohesioaren bultzada ezinbestekoa izan dela proiektuaren amaierarako. Zalantzarik gabe, esperantza izpi bat da Urdaibairentzat, eta pizgarri bat beste mugimenduentzat. Hori bai erregalu ona urtea itxaropenez amaitzeko.