Blanca Urgell

Vadiniarren hatsak

2026ko urtarrilaren 28a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lurra arin izan bekizu. Horrela ulertu behar dira Tridio Alongar, Bodoren seme, 25 urteko vadiniarrari Fronto Doiderar lagunak eskaini zion idazkunaren amaierako T. L. latinezko siglak.

Museoko segurtasun langilearen aholkuz hurbildu ginen hartara. Historian edo Artearen Historian lizentziatua bide zen, edo museoan urteak eman eta zaletua. Berak esan zigun arratsaldean itzultzekotan —goizeko ordutegira berandu heldu ginen— beheko solairua nahitaez ikusi behar genuela, eta zergatik.

Idazkunetara hurbildu ahala batek atentzioa eman. Kuartzitazko harri marroikara leundu bat erabili zuen harginak. Goialdean bihotzak ziruditen bi marrazki —egiatan huntz-hostoak, euren zurtoinekin—. Behean zaldi askea, bridarik eta zelarik gabea, adatsa eta isatsa airean, galopan bailihoan. Alboetan zuhaitz bana; haginak, antza.

Vadiniarrak Erroma garaiko kantabriarretakoak ziren, gaurko hiru eskualdetan hedatuak: Liebanan (Kantabria), Cangues d'OnĂ­sen (Asturias) eta Riañoko Mendietan (LeĂ³n). Kantabriar Gerretan luzaz beren partea izan eta gero, erromatartuak izan ziren edo, agian hobeto, halako mestizaje bat jasan zuten. Dena dela, erromatarrak asko eta gertu izan zituzten, LeĂ³n hiriburuaren izena ez baitator inongo lehoitik, han mende batez baino gehiagoz kokatu zen Legio VI Victrix delakoaren —Augusto enperadorearentzat kantabriarrak menderatu zituenaren— izenetik baizik, herri-etimologiak itxuraldatu bazuen ere.

Vadiniarren hilarri horiek, ia beti gizonak gizonari eskainiak, izan zirelako zantzu irmo bakarretakoak dira. Horrela zuzenean ezagutu dugu Tridio, Alonge sendi edo taldekoa, zuzenean haren aita Bodo, eta zuzenean Fronto haren laguna, Doidero sendikoa. Harria txio edo tut bihurtuko bagenu «vadiniarra naiz eta harro nago» idatziko zukeen gure Frontok.

Beheko solairutik atera ginenean zaindaria lotan zegoela zirudien. Errege Magoen eguneko arratsean ginen, eta gutaz inor gutxi zebilen Leongo museoan. Berak alferrik irekia zela uste zuen, baina guri sekulako oparia egin ziguten Erregeek, edo akaso harriei darizkien vadiniarren hatsek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA