Lasaiago hartu du loak Nemesio Otaño gaur 89 urte. Bezperan sartu dira Lakar Tertziokoak Azkoitian. Bizkai aldera egin du askok ihes; beste asko trumilka atera da askatzaileei ongietorri kartsua ematera. Bera larri ibili da errepublikarren preso egon den bi hilabeteotan, hala aitortuko dio Manuel de Falla adiskideari. Ikara betean bizi izan da, Ondarretako kartzelara eraman eta garbituko ote duten.
Bada nor ordurako gizona. Folklorearen ikertzaile, musika erlijiosoaren apostolu eta konpositore berritzaile, berea da San Inazioren martxaren moldaketa eta berea izango da Franco jeneralaren omenez egingo den aurreneko himnoa ere. Azkoitian gatibu egon den garaian idatzi du, herri ahaireak eta martxa militarrak nahastuta, Franco! Franco!, Zaragozan mustuko dena 37ko otsailean: «zure izen argi goresgarriak/ argi beza gure Espainia berria./ Eta izan bedi Aberri gurea betiko hilezina».
Propaganda Zuzendaritza Orokorrerako lanean dela, Francok berak eman dio agindua Errege martxa egokitzeko, Espainiaren himno ofizial bihur dadin. Ondorengo urteetan, Madrileko Kontserbatorioko buru izendatu dute, ohorezko zaldun hamaika akademiatan eta diktaduraren doinuen propagandista nagusi, Espainian ez ezik, Alemania nazian eta Italia faxistan.
Inork gutxik gogorarazten du Otañoren alderdi hau egun. Jaioterrian, Busca Sagastizabalen Salbe-arekin batera, urtero kantatzen da haren Ave Maria Andramari bezperan. Kalea ere badu. Interes gordeak tarteko, ez da garbiketarik egin Otañorekin. Aski da haren biografia azalekoetan erreparatzea hutsuneaz ohartzeko. Hori ere baita memoria historikoa: gertaeren bortxaketa eta ahaztura behartuak, ezjakintasuna jarrera politiko bilakatu arte.
Jesuita izateak salbatu du kritikatik eta, esaterako, Telleriari, Cabanas Erauskini edo Sanchez Mazasi emandako tratutik. Espiritualtasunaren intsentsuak mantendu du, bakearen on beharrez, gure Von Karajan zoru etikoaren azalean. Hil eta bizi guztien gainetik, egia jakiteko eskubidea zorupean bertan ehortzia dugula.