Herria, Herria! Deitu zaionean jo du kalera. Bizkorregi ohitu zen astero-asteroko erritmora. Espainia ere, ezker abertzaleko aparteko ekintza edo adierazpenik gabeko astean, hasi da atzerantz. Ez dela hauteskundeetan egongo, aurreko egunetako beroaldiak baretzen. Lan txukunetan, baina, jeltzaleena hortxe. Zapaterorekin musuka, eta Patxi Lopez PPren besoetan biluzik dagoela aldarrika, ETAk oraindik jo dezakeela ohartarazten, horren gustuko duen zentralitatean. Ohi bezala, Euskal Herriko mendebaldean. Nafarroa Zapaterok Lopez baino ahaztuago izan dute negoziazioetan. Han neurriko jantzia daukate. Babesik ez duzun lurralderako aski soineko txukuna izan da NaBai.
Hortik kanpo, esperoan. Herria! Herria! Agiriren bat etorriko den ustean, nazioartetik zerbait egongo den esperoan, jakitun euforien ostean barealdiak datozela. Egonarri faltak okertu duela dena lehen ere. 2012 hurbil dago, baina ez ber-bertan, gauden esperoan. Euskal estatuaren konkista salatzeko lehen urratsak arrakastatsuak izan dira, hizkuntza galdu eta asimilazioak bidea egin zuen eskualdeetan. Edozer bozkatuta ere 1512ko «konkista» aipatzen garaipena da, «borondatezko batasunaren» ideia bultzatu nahi zutenen aurrean. Ezin ahaztu gure azken konkista odoltsuaren 75. urteurrena ere badela 2012, Gernikako bonbardaketatik Bilboko erorketara.
Zain jendea. Herria, Herria! aldarrikatu zuten zuberotarrek 1661ean. Azaroaren 8arekin moztu zioten burua Bernat Goienetxe Matalazi, Lextarren, norbaitek gogoan hartu nahi balu bihar. Heldu den urtean 350 urte Zuberoako matxinadatik. Eta Udalbiltza epaiaren zain. Eta Arnaldo Otegi ziegan, tirano arrotzek epaitegira eramateko. Agian egün batez...
Zain
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu