Bordelen egon naiz egun batzuk pasatzen, eta alokatutako etxea munduko toki askotako eskultura eta margolanez beteta zegoen. Jabeak esan zigun giza laguntza kudeatzen zuen USAID agentziarentzat lanean egon dela oraintsu arte, baina, AEBetako presidente berriak aurrekontua eten ostean, jende asko lan barik gelditu dela. USAID agentziak lan asko egiten zituen, besteak beste, erroldak. Bazkalkide batek kontatu dit erroldak funtsezkoak direla, eta herri/estatu batek izan dezakeen altxorrik preziatuena dela (hiritarren azpitik, jakina). Honi esker aurrekontuak prestatzen dira, hauteskundeak eta ordezkaritzak, osasungintza eta hezkuntza baliabideak, diru laguntzak...
Afrika kontinentean bizi den populazioaren %45 zenbatu barik dago; hots, Afrikan uste baino pertsona gehiago bizi dela. Zenbaketak egitea ez ei da gauza erraza, erroldak egin behar direlako, eta estatu guztietan ez omen dago erroldarik egiteko ahalmenik. Kuxkuxeatzen egon naiz eta irakurri dut, Namibian, 2024ko azken erroldatzean jabetu direla pentsatu baino %15 gehiago direla. Eta, Hegoafrikan, 2022an egindakoan, %31 gehiago direla. Gu ez gara Afrika, noski, baina burura etorri zait gure herriaren beste anormaltasun bat: kopurua. Zenbat garen galdetzen digutenean kopuru ezberdinak eman ohi dira. Galdera egiten duenaren aurpegia barregarria izan liteke, batek, kopuru bat eman, eta besteak, berriz, beste bat ematen duenean. Umorez hartzea da egokiena, finean, konponbidea zein litzateke? Lau, bat, hiru, bost, zazpi erantzunik egokiena iruditzen zait. Eta kantuan bada, are hobea. Gero azalpenak luza litezke, hori egia da, baina tira, gure anormaltasunak hori du, aspertzeko tarte gutxi.