
LARREPETIT
Zentzumen ezezagunak
Errealitatea etengabe aldatzen ari da. Eskolan ikasi genituenak ez dira orain ikasten dituztenak. Orduko egiak ez direlako oraingo errealitateak. Gauzak zeharo aldatzen dira. Gure ezagutza handiagoa da orain, nonbait. Inteligentzia, adibidez, ez da bat eta bakarra, askotarikoa izan baitaiteke. Horregatik lehengoan zentzumenak sei baino gehiago direla irakurri nuenean ez nintzen hainbeste harritu. «Usaimena, dastamena, ukimena, ikusmena, entzumena eta oso argi ez dudan seigarren zentzumenaz gain, zer beste?», pentsatu nuen. Ikerketa neurologikoen arabera, 21 dira gizakiak izan litzakeen zentzumenak. Izen korapilatsuak dituzten hamaika zentzumen zerrenda dago. Guztietan azaltzen da oreka, eta badirudi oreka badela beste zentzumen bat. Norberezepzioari esker, badakigu gure gorputzaren atal guztiak non dauden; esaterako, zentzumen horri esker ikusi ez arren jantz gaitezke. Bada gizaki batzuek duten zentzumen berezi bat: sinestesia. Musika ikus dezakete; alegia, bi zentzumenen arteko uztarketa bat da. Ekolokalizazioa ere bada gizaki batzuek dutena. Izurdeek dutenaren antzekoa baina, antza, ez hain garatua. Horrek, baina, aurretiaz nolabaiteko entrenamendua eskatzen du; hots, izan zenezakeela horretarako gaitasuna, baina lantzen ez baduzu ez duzula garatuko. Nozizepzioa ere zentzumen berrien zerrenda guztietan azaltzen da. Mina sentitzeko gaitasuna da. Badirudi zentzumenetako askok besteekin harremana dutela; esaterako, kasu honetan ukimenarekin. Grabitazio pertzepzioa, elektrozepzioa, klariaudientzia, energia-ikusmena, telepatia, emozio-pertzepzioa, dimentsio-pertzepzioa, sentsibilitate izpirituala, intuizioa, magnetozepzioa, sen ona, kimiozepzioa, sexualzepzioa... hamaika eta gehiago, esan bezala. Honen gainean irakurri ostean hasi naiz zerrenda ikasten, eta bide batez, euretako zenbat ditudan zenbatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu