Blanca Urgell

Zerrendismoa eta absentismoa

2026ko otsailaren 4a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zerrendekiko nire erlazioa txikitan hasi zen: buruz errepasatzen nuen ikaskideen Atik Zrainoko zerrenda halako lilura batez. Gero nire (alegiazko) eleberrietako pertsonaien izen-deiturak bildu nahi eta koadernoa eskuetan ikusten nituen filmak telebistan, izen berrien xerkan. Errepikapenak kendu eta ordenatzen orduak eman nituen. Geroago, Lardizabalen Testamentu Berriaren kondaira-ko hitzak zerrendatu nituen, Azkueren hiztegian bilatu eta ikasteko. Laster zerrendismotik Filologiara igaro nintzen, zerrenda-zaletasuna sekula galdu gabe, halere.

Egun, euskaldun ororen baitan psikologo bat ere bizi denez, denok dakikegu zerrendak buruari zama arintzeko eta, azken batean, antsietatea ematzeko tresnak direla (zutabeak ez du kabitzen prozeduren ezinbesteko gaia, tamalez).

Ikaste eta irakastearekin ere lotuta daude, baita oro har informazioa transmititzearekin ere. Gainera, idazkera asmatu zenetik bertatik aurkitzen ditugu, gizakiok behar ditugun seinale. Kuneiformezko zerrendek sumerogramen esanahia, ahoskera eta akaderazko baliokideak gorde dituzte. Ospetsua da 4.000 urte baino gehiagoko Urra=hubullu zerrenda elebiduna, ia 10.000 hitzekoa, ‘interesak sortzen dituen zorra’ adierako lehen sarrerarekin izendatua (horra hor egilearen lehentasuna).

La Graufesenque (Okzitania) ezagun zen Erromaren garaian kalitate handiko terra sigillata-rengatik (K.o. I-II. m.). Zeramikagile haiek ere ekoizpena kontrolatu nahi zutenez, ontzi motak eta kopuruak zerrendatu ohi zituzten, baina Excel edo Calc orrien ordez, berek egindako ontzietan grabatu zituzten.

Deir el-Medina herriko (Egipto) 3.200 bat urteko kareharrizko bertaratze-orri batek hainbat arrazoi zerrendatzen ditu, hilobiak eraikitzen ari ziren langileak lanean ez egoteko: badira «eskorpioiak hozka eginda» edo «ama momifikatzea» bezain ulergarriak, baina baita gaur balioko ez lizkiguketenak ere: «Garagardoa egiten», «bere etxea eraikitzen» edo —kasu honi— «emaztea/alaba hilekoarekin zegoen».

Harriak jasotako 280 egunetatik 70etan bakarrik egin zuten jardunaldi osoa langileek. Confebaski bidaliko diogu?

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA