Blanca Urgell

Zigoitieraz mintzo

2025eko urriaren 29a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arabako Gorbeialdeko Zigoitia udalerriko herrien izenek aspaldiko oroitzapenak dakarzkidate burura: Akostak gure osaba zahar maitea, txikitan bizia alaitzen ziguna bere bihurrikeriekin; Buruagak eta Eribek ikaskide banaren arabar erako deitura; Gopegik zalditan ibili nintzenekoa; Zaitegi euskal idazle preziosista harekin lotuta gelditu zait. Maurgako jaietara joan gabe gelditu banintzen ere (nerabezaroko frustrazioak), bi aldiz aurkitu dut (1668, 1760) Breñas eta Otsoa de Aldaren Arabako euskal hotsak (2002) liburuan.

Aitor Aranak berriki ondutako Arabako euskara. Zigoitiko aldaera-n dioenez, euskara sasoian zegoen han Bonapartek mapa egin zuenean (1863). 1919an Etxaguen herrian 30 urtetik gorakoek euskaraz egiten zuten, baina transmisioa etenda zegoen (Barandiaranen lekukotasuna). 1970ean Yrizarrek hemezortzi euskaldun zenbatu zituen udalerri osoan. Batez ere XVIII. mendetik aurrera galbidean behera amildu ziren Arabako hamaika herritakoa baino nahikoa geroago itzali zen, bada, eta badira haren lekukotasunak, horri esker, zein ere diren urri, zatikatu eta txikiak.

Arestian Aitor Aranak horiek bildu, aztertu eta baliaturik berpiztu du berak arabaera deritzon euskalkiaren Zigoitiko aldaera, Mateoren ebanjelioa era horretara itzuliz (Mateoren ebanjelioa 12 euskalkitan, 2025), hizkera bizi eta hil anitzekin egiten ari den lan esperimental handiaren barnean.

Ileak laztu zaizkit ezaugarri zenbaitetan Lazarragarenaren antz izugarria duen euskara hori irakurtzean, hain non ozen ere irakurri baitiot neure buruari, XX. mende hasierako zigoitiarra bainintzan, zigoitieraz mintzo.

«Etxeratu zanean, itsuak hurreratu ddakosan, ta Jesusek galdetu eutzien: —Nik hori egin daikedala sinisketan dusue? —Bai, Jauna! Orduan begiyak ikutu eutzesan, esanez: —Yazo bekisue sinisketan dusuenez. Ta harein begiyak zabaldu egin zirien». Erreparatu sinisketan dusue ‘sinisten duzue’ horri eta hurrengoko badusues-i: «Izan be, maite saudiesenak bakarrik maite badusues, ze sari izango dusue?».

Ezin nik horri filologoaren begiekin begiratu, bihotzez baizik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.