Ikasi nuen euskarazko seigarren perpausa Ene, zuek al zarete? da. Irailaren 22an izan genuen Rikardo Arregiren jaiotzaren 83. urteurrena —sinesteko ere!—. Haren eraginez sortutako gau-eskola haietako batean ikasi nuen nik, mirariturik, Jalgi Hadi metodoko lehen irudiko perpaus hura: Ene, zuek al zarete?
Manterola, Mounole eta Hualdek aurten argitaraturiko zuek izenordainari buruzko lana irakurtzen harrapatu ninduen urteurrenak. Gaiak ertz asko ditu: zilegi bekit pintxotan baino ez aritzea.
Zuek berrikuntza da: antzina zu pluralekoa bide zen, eta hi singularraren jaun eta jabea. Zu singularrekoa bihurtu ahala, hasieran errespetuz eta gero nolanahi, hi testuinguru jakinetara baztertua izan zen. Tarteko garaian zu singular eta pluralekoa zatekeen, anbiguoki, ingelesez you eta frantsesez vous bezalaxe, nahiz gure Etxepare baino nahikoa lehenago pluraltasuna galdu zuen.
Zuek-en berritasun-zantzuetan bat zuen, zuei pluraleko jokoa dugu (buruen, buruei bezalakoa), gainerakoen joko mugagabearen aldean (zure, gure; zuri, guri). Horrek adieraz lezake zuek ez dugula Irulegiren garaian aurkituko, ezta hurrengo hamarren bat mendeetan ere.
Zu, zuek eta hi hirukotearen bilakaera erromantzeekiko paraleloan gertatu zen, eta ziurrenik haien eraginez. Kontua da nola: izan ere, Iberiako erromantzeetan lehenengoa vosotros pluralekoa lekukotzen, vos ordezkatu zuena, —sorpresa!— nafar erromantzea baita (1265).
Are lehenagokoa da okzitanieraren eremuan, baina. Hortaz, baliteke XI. mendetik aurrera Nafarroako erresuman erruz kokatu ziren okzitaniarrek ekarritakoa izatea vosotros berria, eta baliteke hortik gure zuek ere sortzea.
Hiru arrazoi horren alde, kronologiaz gain: baga, bide beretik mendebaleraino heldu diren maileguak ditugu (deitu, eztei, agian polit ere…); biga, Nafarroa orduan euskaldunen gune nagusia zen, nork duda?; azken, han bazen gortea, errespetuzko izenordainak beharrezko bihurtzeko leku egokiena.
Zer iruditzen pintxoak? Goxoak, adurra botatzeko adinakoak, nik uste.