Ez nuen Lutxi Urigoitia ezagutzen. Ez dakit jatorra eta alaia zen, beldurtia ala ausarta, hitz gutxikoa ala lagun askoren laguna. Lander Garrok ez digu bere dokumentalean hori kontatu, eta, egia esan, zinematik atera naiz hori jakiteko gogoz. Pantailan bere etxea izan zena 40 urte ondoren zuzenean eta amortiguaziorik gabe ikusi duen Lutxiren lagun zahar batek esan dit festazalea zela eta karramarroak harrapatzen zituztela errekan. Ez gehiago. Imajinatzen dut garaiko testuinguruak eskatzen duela diskrezio hori, eta, halere, Donostiatik bueltako trenean nire kideari esan diot gustatuko litzaidakeela Urigoitiaz gehiago jakitea. «Zertarako?», erantzun dit. Arrazoi du. Aitortzen dut tankera honetako dokumental, erreportaje eta egitasmoetan ohituta nagoela bestela lortu ez den egia protagonistaren irudiaren gorazarrearen bidez lortzeko saiakerak ikustera. Zein militante fina zen —edo nola ez zen militantea izan eta halere estatu indarren kalteak jaso zituen—, edo zein lagun ona, edo zeinen azkarra zen, zein ama bikaina… Olatz Dañobeitiak ohartaraziko lukeen bezala, nolabait giza eskubideen dotrinara hurbiltzeko arriskua dago airean, eta, aldi berean, errelatoen arteko talkaren garaiotan jo izan da humanismo horretara diskurtso hegemonikoak zartatzeko. Ez da erraza.Â
Egia esan, ez liguke axola beharko Otxandioko emakume jatorrena ote zen Lutxi, baizik eta nola —beste behin ere— estatu indarren itzalak kapaz izan diren kasuaren gaineko egia ofizialki ezabatzeko. Ez nuen Lutxi Urigoitia ezagutzen, baina Jule Goikoetxeak esaten duen moduan, memoria gaur da, eta Arantza Santestebanek Andrea Sotoren hitzetatik jasotzen duen bezala, genealogiak ahanzturarekin egiten du lan. Lutxi eta zuhaitza filma bada oroimen hori ureztatzen segitzeko ariketa bat, kasua ez dadin ahaztu Otxandion Urigoitiaren omenezko monolitoaren ondoan dagoen zume negartia hil den moduan.