Francoren diktadura osteko lehen lehendakaria izan zen Carlos Garaikoetxea Urriza, 1980an, eta frankismoaren basamortuak utzitako zulo beltzari aurre egin behar izan zion, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa biltzen zituen Jaurlaritza osatu eta martxan jarriz. Euskadiko Autonomia Estatutua Madrilekin negoziatu ondoren, edukiz bete zituen gobernantzaren arlo guztiak.
Agintaldi laburra izan zen, ordea, Garaikoetxearena. Eusko Alderdi Jeltzalearen barnean sortutako krisiak dimisioa ematera behartu zuen 1984ko bukaeran. Estropezu historiko horrek ez zion eragotzi, ordea, politikan jarraitzea. Eusko Alkartasuna alderdiaren sortzailea eta lehen presidentea izan zen 1987tik 1999ra. Tarte horretan Eusko Legebiltzarrean eta Europako Parlamentuan parlamentari gisa aritu zen. Hori baino lehen, 1979an, Nafarroako Parlamentuko kide izana zen. Ageriko foro horietan ez ezik, ezkutuagoetan ere jardutea suertatu zitzaion euskal gatazkaren konponbiderako ahaleginean.
Iruñean, bere bulegoan, hainbat saio egin genituen 2018ko urtarrilean eta otsailean, grabagailua martxan jarri eta buruz buruko solasean. Hiztun aparta, zehatza oso hizkuntzarekin, eta baita sentipenekin ere, barretik haserrerainoko bidea —eta alderantzizkoa— egiten zuen behin eta berriz, paperera jo beharrik gabe.
«Bitxia da, Soraurenen hasi zitzaidan ernatzen kontzientzia euskaltzalea. Badakizu zergatik? Ikusten nuen abereei euskaraz hitz egiten zitzaiela: «Esti, esti, Moriko! Aida, be». Idiei be deitzen zieten. Eta nire haur ikuspegitik, pentsatzen nuen nire baitan: horixe, nola abereak ez diren eskolara joaten, ez diete ostu hizkuntza. Oso gogoan geratu zitzaidan ondorio hori, eta, gerora, halako barne errebeldia bat piztu zidan, euskara eragotzi zuten maisu-maistren kontra…».
Orendaingo Seminarioan pasatu zuen aldi bat gaztetxotan Garaikoetxeak eta egonaldi hark arrasto ezabaezina utzi zion izaeran:
«Malenkoniarako joera bat, bizi guztian iraun didana, eta musikan, literaturan eta denean erromantizismoaren zalea izatera eraman nauena. Alde positiboen artean, berriz, existentziaren ikuspegi transzendentea, nahiz eta fedearen eta arrazoimenaren arteko borroka unamunotar horrekin izan, agnostizismoaren eta fedearen arteko talkan. Fededuna naiz, eta eskatzen dut arrazoimenarekiko borroka horretan federa makurtu nadila».