Txema Ramirez de la Psicina
Kazetaria eta ikertzailea

M3: komunikazioa eta memoria

2026ko otsailaren 15a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bi aste barru Martxoaren 3ko sarraskiak 50 urte beteko ditu. Gasteizko herriak ez du inoiz krimen basati hori ahaztuko, ezta hiltzaileen izenak ere. Efemeride honen inguruan Arabako zenbait goi kargudun urduri dira. Protagonismoaz kexu dira. Egun horretan eraildako langileen senideek eta lagunek izan beharko lukete zeremoniaren ardatz.

Oroit dezagun orduko giroa. Gogora dezagun nor non zegoen eta bakoitzak zer esan zuen. Juan Carlos Elizalde Arabako gotzainak Martxoaren 3ko elkarteetako ordezkariei «azal mikatza» dutela leporatu die. Tratatzeko jende egoskorra edo zaila balitz bezala. Noren alde jokatu zuen elizak orduan?

Eliza

Duela 50 urte, Gasteizko milaka langile greban zeuden, baina ez zuten biltzeko tokirik. Auzoetako parrokiak beharginen babesleku bihurtu ziren. Parrokoen konplizitatea nabarmena izan zen prozesuaren hasieratik. Martxoaren 3an, greba orokor egunean, 4.000 langile inguru batzartuta zeuden San Frantzisko elizan, Zaramagan. Beste hamar mila langile eta ikasle kanpoan geratu ziren. Ondoren zer gertatu zen jakina da. Polizia Armatuak indarrez eliza hustu eta bost langile erail eta ehunka balaz zauritu zituen. Hustea Gasteizko gotzain Francisco Peralta Ballabrigak ahalbidetu zuen. Garbi geratu zen orduan, non zegoen oinarrizko eliza eta non instituzioaren hierarkia.

Dikotomia hori agerian geratu zen elizkizunetan (martxoaren 5ean). San Frantziskoko parrokoak irakurri zuen apaizen asanbladak (ehun bat inguru) adostua zuen homilia. Gotzainak, baina, «laburtu» zuen testua, parterik gogorrenak ezabatuz. Peralta mutu zegoen tenpluan. Bertan bildutakoek txistuka eta irainka hartu zuten. San Frantziskoko apaiz Esteban Alonsok irakurri zuen sermoi mutilatua. Indartsua zen, hala ere. Heriotzak ezin zurituzko homizidioak zirela esan zuen; baita hau ere: «ez dago hiltzeko eskubiderik, ez dago horrela hiltzeko eskubiderik». Txalo zaparrada sorgarria.

Baina interbentziorik hunkigarriena, langileen buruzagi historiko Jesus Fernandez Navesek egin zuen. Pueblo kazetaren esanetan, Naves sasian zen Frantzian, zortzi milioi pezeta poltsikoratuta. Haren hitzak langileen oratorian iltzaturik gelditu dira. Katedral berriko zutabe erraldoiak dardarka jarri zituen: «hauek [aurrean zituen langileen gorpuak] gure anaiak dira, hildako hauek gureak dira, Gasteizko herri osoarenak».

Peraltak ez zien inoiz langileei barkamenik eskatu leku sakratuaren hustea ahalbidetzeagatik. Azter dezagun orain beste eragile garrantzitsu baten jokabidea.

Egia hain garesti kotizatzen den une honetan, Ignacio Aldekoako erakusketara hurbiltzen den bisitariak badu zer arakatu, non informatu eta noiz deskubritu

Komunikabideak

Mende erdia igaro da. Komunikabideen panorama erabat aldatu da. Orduan Internet, sare sozialak eta abar ez ziren ezta hipotesi kategoriara ere iristen. Gauza batzuk ez dira askorik aldatu, ordea. Komunikabideen jabetzari dagokionez, behintzat. Duela 50 urte botere finantzario, ekonomiko eta mediatikoen artean zeuden ehundurak nabarmenak ziren. Orain diren bezalaxe.

1976ko prentsa gehiena ofiziala zen, [Espainiako] Gobernuaren eta patronalaren aldekoa. Martxoaren 3ko grebak ezustean harrapatu zituen. Non eta Araban, «inoiz ezer gertatzen ez den herrian». Era guztietako gezurrak eta manipulazioak argitaratu ziren: grebalariak «asaldatzaile profesionalak ziren», «kanpotik dirua jasotzen zuten apaiz ohi komunistak»…

Orduan kaleratzen ziren egunkarietatik bakarra dago gaur egun merkatuan. El Correo Español. El pueblo vasco. Hona hemen kazeta honek 1976ko martxoaren 9an, (11. orrialdean) argitaratutako editorialetik ateratako zenbait harribitxi. El Correoren ustez, grebaren bultzatzaileak «barrikadak eta odola» maite zituzten muturreko aktibistak ziren, «ongi gizendutako eta forratutako ekintzaile subertsiboak». Hau ere idatzita dago: «Liskarrak odolez amaitzea nahi dute, gero biktimak banderatzat hartzeko». Eta amaieran faxismoaren nostalgia: «[biolentoak konbentzitzen ez badira] iraganean bezala, autoritarismora jo beharko dugu —nahiz eta askatasun batzuk galdu— gure semeak bakean eta askatasunean bizi daitezen».

El Correo egunkariak 2026an Martxoaren 3ko biktimak elkarrizketatzen ditu. Ederto. Ongi legoke, hala ere, atzera begiratu eta autokritika egitea. Bidezkoa litzateke.

Erakusketa

Kontu horiez guztiez gogoeta egiten da bihar bertan Gasteizko Ignacio Aldekoa Kultura Etxean inauguratuko den erakusketan. Martxoak 3 eta Memoria gara elkarteek atondu dute. Merezi du, benetan. Titulua, hauxe: Komunikazioa eta Memoria. Prentsa eta sarraskia: begirada kritikoa. Martxoaren 3a ezagutu ez zuten belaunaldiek bertan topatuko dute gertaera hura hobeto ezagutzeko bide argigarria. Gauzak nola kontatu ziren eta nolakoak izan ziren. Eta efemeride odoltsu hura jasan genuenok ere hainbat dokumentu berri ezagutzeko parada izango dugu.

Orduko prentsaren azalak dira erakusketaren ardatz. Euskal Herrian argitaratutakoak, Espainiakoak, klandestinoak eta nazioartekoak. Izan ere. Martxoaren 3ko sarraskiak oihartzun zabala izan zuen munduan. The New York Times, Pravda, Le Monde, Liberation eta beste hainbat kazetak Fragaren mutilek egindako desmasien berri beren lehen orrialdeetara eraman zuten. Baita gogor gaitzetsi ere. Elementu berriak daude: irudi ia ezezagunak, agortuta dauden liburuak… eta beste sorpresa batzuk.

Martxoaren 3ko data odolez zizelatua dago gasteiztarron memorian. Orduan egindako injustizia, oraindik ere, erreparatu gabe dagoelako. Egia hain garesti kotizatzen den une honetan, Ignacio Aldekoako erakusketara hurbiltzen den bisitariak badu zer arakatu, non informatu eta noiz deskubritu. Martxoaren 31ra arte izango da zabalik. Egiaren etsairik handiena ez da gezurra, desmemoria baizik. Horregatik «Komunikazioa eta Memoria» behar-beharrezkoak ditugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA