Android gailuetarako Aspect deituriko aplikazio bat merkaturatu dutela jakin berri dut. Izena itxura bezala itzuli genezake, eta uste dut bereziki ondo datorkiola, «adimen artifizialekin» aritzeko «sare soziala» omen baita. Hau da: zeu zara tabernako gizaki bakarra.
Sare solipsisten etorreraz erdi txantxetan aritu gara mastodonen, baina une batez oilo-ipurdia jarri zait azalean, sinesgarria egin baitzait laster erabat normalizatzea halako burbuilak. Norbera bere baitara bilduta, jendartearen eta komunikazioaren, harremanaren eta kontaktuaren itxura osoa duen baina berez beste gauza bat den zerbitzuetara harpidetuta.
Ez zait sinestezina egiten urte gutxitan gobernu, enpresa, erakunde eta iritzi-emaileon eskutik halako «tresnen» gomendioak jasotzea, «erabiltzailearen» behar eta desiretara moldatutako paisaia sinbolikoetan paseo higienikoak eman ditzagun, gure hobe beharrez, homologazio prozesu eta adin-ziurtatze guztien ondotik, noski.
Azken batean nork nahi du benetako munduan, benetako jendearekin aritu. Esperientzia osasungarri eta lasaigarriagoa eskaini dezakete hizkuntza eredu handiek. Behar, desira, onar dezakezuna eskainiko dizute, eta horixe bakarrik. Giza interakzioaren esperientzia giza interakzioaren arazorik gabe. Zure kosmos sozial pertsonala.
Muturreko adibidea da, noski, baina aitortu behar dut gero eta beldur handiagoa diodala munduaren itxurari.