Turisten Donostian, etxebizitza pribilegio bihurtu zen aspaldi. Bertan jaiotako askok alboko herrietara egin behar izan dute alde eta kanpotik etorritako askok, berriz, kalean egiten dute lo. Etxebizitza eta elikadura oinarrizko eskubideak ei dira, baina zertarako behar du eskubidea janaria ukatzen diotenak?
Donostiako Udalak eta goragoko erakunde publikoek ez dute kaleko miseriaren inolako ardurarik hartzen. Udalaren hainbat aterpetxe itxita daude eta, eskaerak egin diren arren, ez dute kalean bizi direnen bizitza duintzeko baliabide publikorik martxan jartzen. Aitzitik, hamarkadak daramatzate elkartasunetik eta autonomiatik sortutako alternatibak debekatzen eta kriminalizatzen.
Oraingoan, Lo que no te cuentan de Donostia (Donostiaz kontatzen ez dizutena) moduko talde faxisten propaganda deshumanizatzaileak indartu duen arrazismoa baliatuz, segurtasunaren izenean, Donostiako Udalak kaleko afari solidarioak debekatu ditu, hirurehun herritar baino gehiagori eguneko otordu bakarra ukatuz.
Segurtasuna, zeinena? Infernuan bizi ginenean, Eneko Goia orduko Donostiako alkateak lotsarik gabe esan zuen gure desalojoarekin hiriko sarrera bat garbituko zutela. Jon Insausti jaunak garbiketa-lan berdinari jarraituko diola dirudi. Beste batzuek jarraituko dugu lan zikinetan.