Xabier Landabidea Urresti.

Klabiera

2025eko abuztuaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nire zaletasunek lorategi ingelesen forma daukate: irregular eta basati hazten zaizkit. Baina badut hamarkadetan zehar aldagaitz iraun didan lilura bat teklatu fisikoekin. Nire sakelakoak teklatu fisikoa du, laneko bulegoan bi teklatu ezberdin ditut, bat txosteneraz idaztekoa eta bestea gauza sortzaileagoak edo egitekoa, eta etxean ere bizpahiru klabier ezberdin dauzkat, Interneteko txoko txinatar ezkutu eta ilunetan lortutakoak. Armairutik irten behar dut: teklatuen (ere) nerd bat naiz.

Okerrena da nire kasua ez dela okerrena. Teklatu mekanikoen munduan mila aukera daude erresistentzia eta zarata maila ezberdinak dituzten switch-en artean, tekla artisauak, %100eko eta %65eko diseinudunak (eta tarteko ehunekoak), likido labaingarri bereziak teklaren eta teklatuaren arteko marruskadura erregulatzeko... Badaude Youtuben ASMR estiloko kanalak non jendea teklatu berezien soinu ezin bereziagoarekin erlaxatzen den. Ilunabarreko kapitalismoaren gauza ona da untxizuloak amaiezinak direla eta beti dagoela norbait zu baino okerrago.

Ez naiz iritsi beste batzuen mailara, baina maite dut atzamarren presioz pantaila batean zeinuak kateatzearen esperientzia. Badago hor ukitzearen eta esatearen, zizelkatu eta pentsatzearen arteko zubitze bat maiteminduta naukana. Egunotan Microsoft entzun dut esanez teklatua eta sagua kendu nahi dituztela datozen Windowsetan, eta aizue, Linux erabiltzeko beste arrazoi bat iruditu zait.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.