Maialen Arteaga.

'No time for love'

2025eko abuztuaren 13a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irailaren 27an 50 urte beteko dira diktadura frankistak Txiki eta Otaegi fusilatu zituenetik. Beste edozein herrialdetan omenaldi instituzionalak egingo litzaizkieke, bai diktaduraren aurka borrokatu zirenei, bai erregimen autoritarioak eragindako biktimei. Gurean bistan da ezetz.

Hori horrela izan dadin, ahanzturaren paktua sinatu dute hemen batzuek, eta ondorioz, justiziaz mozorrotutako isiltasun pilatua ari du. Gu isiltasun konplize horretan hezten ari zarete, eta hori bai ez dela justua. Sinatzaileei galdetu nahiko nieke zer den memoria haientzat, oroimen selektiboa ekintza politiko denean.

Zeren bai, «gure abuelek bazekiten Lorca hil zuten berdinek hil zutela Lauaxeta», fusilatu zizkigutela Txiki eta Otaegi; baina Lorcaren poemak eta obrak unibertsitateko hautaprobetarako ikasi ditugu. Txiki eta Otaegiren fusilamenduen kasuan, ordea, pankartek eta pintadek bete behar izan dute liburuen funtzioa.

Batzuek plaza publikoak dituzte, omenaldi instituzionalak edo etorkizuneko belaunaldien hezkuntza unitateetan daude. Beste batzuen dolu eskubidea 24 ordu baino gutxiago irauten duten kaleko pankartetan sostengatzen da. Orube prekarioegia da min guztiak sendatzeko.

Memoriak —elkarbizitzak, bakeak edo bizitzak berak bezala— baldintza duinak behar ditu garatu ahal izateko. Eta hemen, honela, oroimen eta enpatia selektiboarekin, ez dago ez memoriarako, ez maitasunerako baldintzarik. No time for love.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.