Hemen bizi garen atzerritar gehienok gaztelania apur bat ikasi dugu jadanik, edo ikasten dugu in situ, baina Euskadira heldu nintzenean, gaztelaniarekin moldatzen nintzen nonahi, eta —Bilbon batez ere— euskara ez nuen behar.
Itzulpenak egiten hasi nintzen Bartzelonan, hasieran liburuak eta, denbora pasatu ahala, itzulpen teknikoak, beti gaztelaniatik edo frantsesetik nire ama hizkuntza den ingelesera.
Hala ere, laster konturatu nintzen, hainbat eta hainbat ES-EN itzultzaile artean, abantaila lehiakorra behar nuela. Garai horretan, XXI. mendearen hasieran, erabaki nuen apur bat euskara ikastea, eta euskaratik ingelesera itzulpenak ere eskaintzea merkatuan. Interes ekonomiko hutsagatik hasi zen... eta hala ere, zerbait gertatu zen.
Apur bat ikasiko nukeela pentsatu nuen, bai. Inoiz ez nuen pentsatu asko ikasiko nukeenik. Zero pataterotik hasi nintzen Deustuko euskaltegian, nire ikaskideak bezala. Inork ez zuen ezer esaten, Kaixo, Egun on edo Gero arte baino ez. Hasieran, ikaskideei esaten nien euskara ikastea ideia polita zela, baina gaztelania erabiltzen jarraituko genuela gure artean komunikatzeko.
Baina ez. Hori ez zen gertatu. Gure irakasleak bazuen interesa pizteko modua. Urrian hasi ginen; bi hilabete geroago, abenduan, tabernan elkartzen jarraitzen genuen klasea berrikusteko, baina ordurako euskaraz.