Maialen Arteaga.

Pamplona, País Vasco

2025eko abuztuaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Atzerrian oporretan gaudenean, edozein elkarrizketa izateko, hizkuntza handietan mintzatu behar izaten gara euskaldunok. Hizketaldi ororen abiapuntua izaten da nongoak garen esatea, parekoa nondik datorren kokatuta errazago ulertzen delako bakoitzak duen mundu ikuskera.

Halakoetan konturatzen naiz hizkuntza bakoitzak duen kargaz. Ez da berdina zure hizkuntza euskara dela esatea, edo zure hizkuntza el vasco dela esatea; Nafarroatik zatozela esatea, edo Navarratik zatozela esatea; Gasteiztik edo Vitoriatik; Donostia, edo San Sebastián; Euskal Herria, Basque Country edo País Vasco lurralde bera izan litezkeen arren, berdinak ez diren bezala. Paradoxikoa da, baina hizkuntza handietan, askotan, ezin da hizkuntza txikiekin azaltzen dena azaldu.

Horregatik, Googlerengana jotzen dut maiz, eta mapa batekin irudikatzen saiatzen naiz ingelesarekin edo espainolarekin adierazi ezin dudana. Baina Googlek ere ez ditu gauzak argi eta aurkitzen dudan nahaspila ere tamainakoa da: hiru probintziadun mapak, ikurrinak, Nafarroako banderadun probintzia bakarreko mapak, zazpi probintziadunak, lau probintziadunak… Zergatik da norbere herrialdea googleatzea bezain ariketa sinplea horren konplikatua euskaldunontzat? Zergatik egiten die espainolei eztanda buruak, «soy de Pamplona, País Vasco» entzuten dutenean?

Batzuen buruek maizago egin beharko lukete eztanda, eta guk, eztanda horietako gehiago eragin, elkarrekin gure herriaren mapa marraztuz.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (4)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.