Xabier Landabidea Urresti.

Superman

2025eko abuztuaren 21a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Seko aspertzen nau Supermanek. Ez da deus pertsonala, ziur nago kriptondarra existituko balitz zeharo tipo jatorra litzatekeela: adeitsua, eskuzabala, irekia. Ironiarik batere gabe diot, gaiztotasunaren eta krudeltasunaren gorazarrearen garaiotan izaki benetan harrigarri, eredugarri eta berezia litzateke gainera. Bihotzean mundu berri bat daraman errebelde bat.

Kontua da Superman arazotsua egiten zaidala duen botere guztia (aldatu zaizkio asko botereak bere hamarkada luze hauetan, baina finean hori da: boteretsua oso) marko zehatz eta bidegabe baten baitan estutzen duen izakia delako. Indarra eta indarkeria erabiltzen ditu, solte gainera, baina ez eredu ekonomiko burugabe bat borrokatzeko edo egiturazko bidegabekeriak deuseztatzeko, baizik eta (bera bezalako) estralurtarren inbasioak gelditzeko edo superbilau deritzegun beste supergizaki batzuen gehiegikeriak frenatzeko.

Superman ezer bada bere buruaren gainean kontrol handia duen norbait da. Bera baino zitalagoak diren izakiek ezarritako arauetara tolesten daki bere burua, eta diziplina harrigarriz eusten die bere inpultsoei, dagoen guztia buruz behera jartzeko gaitasun osoa izan arren, alternatiba okerragoa litzatekeela uste duelako.

Urte askoan pentsatu dut saldu bat dela, kolaborazionista bat. Baina aspaldian pentsatzen hasita nago ez ote den beste zeozer benetan. Ez ote den salaketa moduko bat. Ez ote garen denok Superman.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.