Umetan dena da absolutua: ona edo txarra, alde edo kontra, euskalduna edo frantses/espainola. Umetan uste nuen euskaldun oro iraultzailea zela. Euskaraz mintzo bazinen presoen alde zeundela, ezkerrekoa zinela, antirrazista zinela, feminista. Besteak zapaltzaileak, gu zapalkuntzen kontra.
Euskarazko egunkariak itxi nahi zituzten gaiztoek eta erdaretakoek gure aurkako gezurrak esaten zituzten. Beranduago ohartzen zara, ordea, ETB1ek ere El Correo-ren albiste bera eman dezakeela gure hizkuntzan.
Gaur egun, oraindik, sare sozialetan euskarazko mezu arrazista eta transfoboak ikusten ditudanean, salbuespena direla sinetsi nahi izaten dut, ez daudela antolatuta. Ustez hain arrotzak ziren diskurtso faxistak euskaraz irakurtzeak beste edozein hizkuntzatan baino gehiago beldurtzen nau. Bat-batean euskaraz ere zapaltzen delako, eta beti zapaldu izan dela ohartzen naizelako. Umetan lortutzat ematen nuen hori arrakalatzen delako.
Gutarrak dira eta gure artean daude, hizkuntza berean dihardugu. Gu ere bagarelako pelikulako zitalak, eta ez soilik mundu justu baten alde borrokatzen diren heroiak.
Denborarekin ohartzen zara umetako utopiak bazuela egiatik ere, eta ez dela kasualitatea pankartak, txosnak, manifak eta bilerak euskaraz izatea. Euskaraz egiteagatik mespretxua jasotzen bagenuen, ez zela hizkuntza bera itsusia delako, hitzez gaindiko esanahia daukalako baizik.
Pentsatu beharko dugu zer esanahi eman nahi diogun, nolako eta nortzuentzako arnasguneak sortu nahi ditugun, eta, horretarako, zer diskurtsok ezin duten lekurik izan gure hizkuntzan.