Iragan urtarrilean istripu lazgarri bat suertatu zen Adamuzen (Espainia), Malaga-Madril bidea egiten ari zen IRYO konpainiaren AHT batek, trenbidetik atera, ondoko bidean sartu, eta kontrako noranzkoan zihoan Renfeko beste AHT bat bortizki jo zuenean. Horren ondorioz, 46 pertsona hil dira, eta 150 zauritu baino gehiago eragin ditu.
Honaino gertaeren irakurketa hotza. Baina, ezbeharraren arrazoiak argituko dituen ikerketaren emaitzen berri ez izan arren, tragedia honen azterketa sakona egin nahi dugu:
Batetik, kapitalismoak gero eta azkarrago joateko duen beharrak eragin duelakoan gaude. Abiadura handiko hipermugikortasun motorizatuaren beharra ezarri zaigu, uztez, denbora irabazteko. Irabazten dugun ustezko denbora horrek ez dio onurarik ekartzen herri xeheari; aitzitik, produktibitatea handitzeko eta kontsumismoan oinarritutako aisialdia sustatzeko baliatzen da. Hori guztia hazkunde mugagabeko logika kapitalista baten barruan, planetaren mugak gainditu eta zibilizazioaren kolapsora eramaten gaituena.
AHTa da denbora irabazteko ahalegin etsi honen adibiderik esanguratsuena. Gainera, irabazitako denbora hori gezur borobila da hiri handietan bizi ez den jendearentzat, AHTaren logikatik kanpo dagoena. Galdetu diezaiotela bestela Tafallako pertsona bati –adibide bat jartzeagatik–, Madrilera joateko lehenik Iruñeraino joan beharko lukeena AHTa hartzera, bere herritik berriro Madrilerako norabidean igarotzeko.
Denbora irabaztearen kontzeptu hori sakonki barneratu du herritarren parte handi batek; horren lekuko, Trenaren aldeko plataforma asko, AHTarekin lehiakorrak diren alternatiba teknikoak plazaratzen ari direnak, ia-ia AHTa bezain azkarrak. Zer behar dago hain azkar joateko?
Bestetik, abiadura handiak kalte handiak dakartza. Abiadura handian joateko, trazadurak ia zuzen-zuzenak dira, eta, beraz, lurraldearen suntsiketa izugarria da. Edozein oztopo orografiko gainditu egin behar da, eta horrek ingurumen hondamena, materialen xahuketa eta ikusmen inpaktu ikaragarriak dakartza.
Energia kontsumoan ere hazkunde esponentziala eragiten du, energia zentral, azpiestazio, linea elektriko eta abarren ezarpenarekin, kontsumo hori biziki murriztea eskatzen duen une historiko honetan. Gainera, abiadura handiak arriskua izugarri handitzea dakar, Adamuzen eta 2013an Santiagon (Galiza) 80 heriotza eragin zituen istripuan agerian geratu den bezala.
«Istripuaren erantzule diren enpresei –ADIF eta IRYO– errentagarriagoa izango zaie biktimen familiei kalte ordainak ematea AHTaren segurtasuna hobetzea baino, eta, zer esanik ez, bai ekonomikoki bai sinbolikoki sistemarentzat oso errentagarria den azpiegitura bat desegitea baino»
Horrez gain, abiadura handiaren segurtasuna mantentzea ez da errentagarria. Zenbat eta abiadura handiagoa, segurtasun neurriak gero eta garestiagoak dira, eta etekin ekonomiko handiagoa lortzeko, segurtasun neurri horiek erlaxatu egiten dira askotan. Eta are gehiago Espainiako Estatuan, Txinaren ondoren munduko abiadura handiko sare handiena duena, kontuan hartuta AEBek bezalako herrialde batzuek ez dutela AHT kilometro bakar bat ere. AHTaren kilometro bateko mantentze kostua 200.000 eurokoa da urtean, eta 500.000 eurora irits daiteke tarte konplexuetan.
Segurtasunaren erlaxamendu horren frogagarri, azken urteotan gorabeheren gorakada handia dugu, atzerapen ugari eragin dutenak. Arrazoi horrengatiko kalte ordainak asko murrizten ari dira ADIFi eragiten zioten kostu ikaragarriengatik. Mantentze lanen falta hori dela eta, paradoxa batera iristen ari da: AHTak abiadura murriztu behar du toki askotan, istripuak ekidite aldera orduko 100 kilometroren langara ere iristen ez delarik.
Zerbitzuaren liberalizazioak arriskugarritasuna handitzen du, gainera. 2021ean, abiadura handiko trena liberalizatu zen, operadore berriak sartuz: RENFEri gehitu zitzaizkion OUIGO frantziarra, IRYO italiarra –Adamuzeko istripu tragikoaren eragilea– eta AVLO, RENFEren prezio apaleko zerbitzua. Konpainia horiek, inolako eskrupulurik gabe, bidaiari kopuru handieneko ibilbideetan baino ez dira sartu, ahalik eta etekin handiena lortzeko. Esan beharrik ez dago azpiegitura eraikitzearen kostua, inoiz berreskuratuko ez dena, ez dutela haiek ordaintzen, guk baizik. Beti bezala, gastu publikoa enpresa pribatuen poltsikoentzat. Konpainia horiek kostuak murrizten dituzte etekinak handitzeko, eta horrek zerbitzuaren segurtasun neurriak, kalitatea eta langileen lan baldintzak okertzen ditu.
Horregatik, kapitalismoa sistema kriminal eta hiltzailea da. Istripu horren funtsa etekinen optimizazioan oinarritutako sistema bat da, langile klasearen, arpilaketa kolonialeko prozesuen mende dauden hegoaldeko herri globalen, emakume eta disidentzia sexualen eta, oro har, planetaren bizi baldintzen gainetik. Makineria kapitalista ezin da gelditu, eta aurrera egindako ihesaldi suizidan, bidean aurkitzen duen oro akabatzen du. Ziurrenik, istripuaren erantzule diren enpresei –ADIF eta IRYO– errentagarriagoa izango zaie biktimen familiei kalte -ordainak ematea AHTaren segurtasuna hobetzea baino, eta, zer esanik ez, bai ekonomikoki bai sinbolikoki sistemarentzat oso errentagarria den azpiegitura bat desegitea baino. Ezinezkoa da istripuan hildako pertsonen bizitza ekonomikoki konpentsatzea, ezta kapitalismoak suntsitutako pertsonena eta naturarena ere. Diruak ez du inoiz bizitza itzuliko. Kordobakoa ez zen istripu bat izan, kapitalismo gordina baizik.