Proposamen zentzudun, errealista eta eraginkorra

2014ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Hainbestetan esan dugunez, gure aurrezki kutxak dauden amildegiari aurre egiteko Gipuzkoako Foru Aldundiak aurkeztu duen proposamena ez da —EKAI Center-en iritziz— proposa daitekeen irtenbiderik onena. Gure ustez, partaidetza publiko sendoa izango lukeen kreditu kooperatibaren aukera izango litzateke irtenbide ideal hori.

Hala ere, gure egoera ez da egokiena norbanakoen helburuak aldarrikatzeko edo ñabardura formalak azpimarratzeko. Herri bezalako benetako hondamendiaren aurrean gaude. Horrelako uneetan, irtenbide zentzudun, errealista eta eraginkor baten beharrean gaude. Eta hauek dira, hain zuzen, Aldundiaren proposamenean —kutxen akzioak lurralde historiko bakoitzeko udal eta aldundien esku uztekoa— gauzatzen diren ezaugarriak.

Argia eta ulerterraza da proposamena. Eta hori, momentu honetan, nahitaezkoa da egin beharreko iritzien truke eta mobilizazio politiko bizkorrak ahalbideratzeko. Gure finantza sistema salbatzea funtsezko helburua delako, bai.

Kosta ahala kosta proposamen hau zalantzan jartzeko argudioak bilatzeko beharrak itsuturik, dohaineko lagapena kontzeptuan alperrik arakatzen ari dira alderdi politiko historikoak. Bi gauza aipatu behar ditugu honi buruz. Alde batetik, dagoeneko haiena den erabakitzeko ahalmena eskuratu ahal izateko erakunde publikoek ordaindu behar izatea zentzugabekoa izango litzatekeela. Bestaldetik, balizko ondorio fiskalak edo eragiketa hauen ondarezko ondorioak sinbolikoak direla. Argi azaldu denez, akzio hauek eskuratzen dituzten udal eta aldundiek ez dituzte bereganatuko akzio hauek ematen dituzten dibidenduak eta ezingo dituzte akzio horiek saldu. Beraz, eskualdatuko den ondarezko balioa hutsa izango da, edo hutsetik hurbil egongo da. Eta gauza bera esan daiteke akzio horiek lagako dituen erakundeak jasan beharko duen ondarezko galerari buruz edo eragiketaren edozein ondorio fiskali buruz.

Beraz, dohaineko lagapenaren legitimotasunari buruz batzuk bilatzen hasi diren balizko arazo horiek ez dute inolako zentzurik. Beste bide batetik arakatzen hastea aholkatzen diegu. Eta egin egingo dute, jakina.

Egiaz, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Proposamena zentzuduna, errealista eta eraginkorra da. Beste erakunde eta talde politikoek onartuz gero, gure finantza sistemaren gainean dagoen mehatxutik onik ateratzeko funtsezko helburua lortzeko behar diren osagai guztiak barneratzen ditu. Eta adostasun horiek ez badira lortzen, denok dakigu horren arrazoiak ez direla teknikoak eta ez dutela harreman handirik gure hiritarren interes orokorrekin.

Testuinguru honetan, nahiz eta ez aitortu, betiko alderdi politikoen txanda da. Orain -gero eta argiago- atzera jotzea eta egindakoari buruz euskal hiritarrei kontuak ematea dagokie betiko alderdi politikoei. Baita euskal hiritarrei eta alderdi bakoitzaren beraren afiliatuei ere.

Gure etorkizunaren aurkako eraso hau justifikatzea ezinezkoa denez, bi aukera dituzte betiko alderdi politikoek. Foru Aldundiaren proposamena histerikoki eta inolako oinarririk gabe kritikatzea da lehenengoa, gure hiritarrekin, behin eta berriz, gezurretan eta engainutan jarraituz. Euskal aurrezki kutxak bereganatzeko prozesuan jarraitutako ildoa baino ez da. Bigarren aukera argia, oso argia da: atzera jo eta egindako erokeria zuzendu. Garaiz daude oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.